Kantonamenduetako bozak. Elkarrizketa. Marie-Jose Espiaube. Ezkerreko Frenteko hautagaia

«Sozialistak inarrosi behar ditugu, benetako politika ezberdin bat planteatzeko»

Bokaleko auzapez komunista da Espiaube; Baiona Iparraldean Ezkerreko Frentearen zerrendaburu aurkezten da; Kontseiluan zuten aulki bakarra 2004ean galdurik, berreskuratzeko gose handia du.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Bokale
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Alderdi Sozialistak benetako ezkerreko politika eramaten duen galdeketa ari da Espiaube. Hala eta guztiz ere, Kontseilu Nagusian ezkerrak inoiz lortu ez duen gehiengoa lortzea dutenez helburu, sozialistekin lanean aritzeko prest da. Hala ere, Ezkerreko Frenteak aulkiak lortzea espero du, «benetako politika ezberdin bat» planteatu ahal izateko.

Kontseiluan zenuten aulki bakarra galdu zenuten 2004ean. Hau berreskuratzeko gosearekin zarete?

Bai erabat. Baiona Iparraldea kantonamendu oso inportantea da, nagusitzen ahal garen bakarretakoa delako. Kontseilu Nagusia ezkerrera pasaraztea dugu helburu, baina zinez ezkerrera. Ezberdintasun andana ditugu sozialistekin, beraz gure pisua sentiarazi nahi dugu, Ezkerreko Frenteko kontseilariak lortuz.

Ezker Bateratua, Alderdi Komunistak eta Ezkerreko Alderdia bateratu zarete Ezkerreko Frentean. NPA Alderdi Antikapitalista Berriarekin ez duzue lortu. Zergatik?

Alderdi Antikapitalista Berriak harremanak erabat moztu nahi ditu Alderdi Sozialistarekin. Baina gure ustez, Kontseilu Nagusian ezkerra nagusitzea baldin badugu helburu, arduratsuki ari izan behar gara, sozialistekin batera, eskuina oztopatzeko ideia argia ukanez. Hau da bien arteko ezberdintasuna.

Kontseilu Nagusiak erabaki anitz adostasun osoan hartu ditu. Hau da, eskuina eta ezkerrak azkenean ber hautua egiten dute.

Horrek interpelatzen gaitu zeren hori ikusiz, ko-gestio bat dela erran dezakegu. Alta, herritarrek aldaketa asko itxoiten dituzte, aski da erretreten erreformaren inguruko protesta begiratzea hortaz ohartzeko. Beraz bai, ikusiz erabakiak adostasun osoan hartuak direla galdeketa ari naiz ea sozialistak nahiko ezkerrean diren. Kanpaina kari, atez ate nabil eta konturatzen naiz jendea okaztatua dela eta ez duela gehiago bozkatzeko gogorik; guztiak berdinak garela diote, penagarria da. Erantzuten diet bozkatzeko pausoa izugarri inportantea dela,adierazteko eskubide bat delakoeta departamendu mailan ezkerrak gehiengoa lortu behar duelako. Sozialistak inarrosi behar ditugu, benetako politika ezberdin bat planteatu behar dugulako.

Zer balorapen egiten duzu Kontseilu Nagusiak eraman politikaz?

Gauzak eginak izan dira baina anitz dira egiteko. Autonomiarako Laguntza Pertsonalizatuei doakionez urratsak eman beharko dira. Kolegioen arloan berdin da. Baiona Iparraldean adibidez, bi kolegio ditugu, baina sakrifikatuak izan dira, departamenduko beste kolegio batzuei eman zaielako lehentasuna, nahiz lehentasun soziala hauek ukan. Garraioen arloan ez da lan sakona egina izan. Geroz eta kamioi gehiago dira. Aterabideak badira eta horiei begira jarri behar gara. Itsasoko garraioa adibidez, portua Eskualde Kontseiluaren eskumenetan sartzen dela badakit, baina loturak behar dira eta lurralde mailako koherentzia sentitu behar da.

Zuek zer proposatzen duzue?

Anitz proposamen ditugu, besteak beste, zaharren artari begira. Enpresak lagundu nahi ditugu ere, baina beren aldetik, segurtatu beharko digute enpleguak luzerako egonen direla herrian. Garraio kolektiboak ere behar dira, lurralde guztian hedatua litzatekeen sare bat nahi dugu. Baiona sartzeetako bide arazoak arinduko lituzke zeren bideak erabat tapatuak dira eta aterabideen behar gorria bada. Ingurumenaren Grenelle goi bilera aipatzen da anitz, baina egunerokoan gauzatu beharra dugu azkar.

Lurralde erreformaren testuinguruan burutuko dira hauteskundeak. Zer diozu erreformaz?

Erabakitzeko botere geroz eta gutxiago ukanen du auzapezak, herritarretarik urrunduko gaitu erreformak. Dramatikoa da ikustez eskuineko parlamentario batzuk alde bozkatu dutela, nahiz argi ukan lokalki kalteak eginen dituela. Erreforma horrek arazo handiak ondorioztatuko ditu, ezingo dugulako gehiago herritarren beharrei erantzun.

Ipar Euskal Herriari doakionez, Baterak eskatzen dizue ea Euskal Lurralde Elkargoaren eztabaida Pauera eramateko prest zareten.

Alderdiaren baitan erabakiko dugu. Gutxi hitz egin dugu horretaz, baina pentsatzen dut behar orduan eztabaidatzen jakinen dugula gure Biarnoko lagunekin. Nire iritziz ez delako Euskal Herriko Alderdi Komunista eta Biarnoko Alderdi Komunista, baina bai Alderdi Komunista bakarra. Alderdiak erabakiko du.

Azken garai hauetan anitz aipatzen diren euroaginduei begira zer diozu?

Aurore Martini doakionez mozio bat izenpetu genuen Bokaleko herriko kontseiluan, euroagindua salatzeko. Gertatzen zaiona ez delako batere normala.

Martin aparte beste batzuk ere dituzte euroaginduak. Zer diozu haienegoeraz, Segiko zazpi gazteen egoeraz, adibidez?

Kanpainan izanki, aktualitatea ez dut anitz begiratu, baina atxiloketak bortitzak izan direla jakin dut. Ezin da bortizkeria hori onartu, norberak bere ideien defenditzeko eskubidea dauka.

Baiona Iparraldean sozialisten eta zuen emaitzak hurbil hurbil geratzen dira. Bigarren itzuliari begira, erabaki al duzue zer eginen duzuen?

Batak ala besteak, boz gehiena duenari erakutsiko dio sostengua. Guk horrela egin dugu beti eta espero dut berdin eginen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.