Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Marie-Ange Thebaud. Amalur koalizioko hautagaia

«Bake prozesua orain ari da gertatzen; ezin dute aukera alferrik galdu»

Frantziako Legebiltzarrerako bozketentzat osatu dute Amalur koalizioa Europe Ecologie eta EA alderdien artean. Abertzaleen eta ekologisten arteko elkarlana «beharrezkotzat» daukate.
GAIZKA IROZ

Jenofa Berhokoirigoin -

2012ko ekainak 1
Frantziako Gobernuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboak izendatu mintzakidetza taldearekin hitz egin behar duela dio Marie-Ange Thebaud bosgarren barrutiko Amalur taldearen hautagaiak (Baiona, 1958).

Europe Ecologie Berdeak taldekoa zara. EArekin aurkezteko erabakia hartu zenuten. Nola doa elkarlana?

Oso ongi. Senaturako bozen garaian, EA eta ABrekin lan egiten ahal genuela ikusteaz pozik nintzen. Europako eta eskualdeko hauteskundeetan bazegoen jada irekidura hori, eta hor berriro kausitu dugu. Oso pozik naiz, elkar aberasten dugulako, elkarlanean garelako osoki.

EA eta AB ikusi zenituzten, baina ez Batasuna?

Batasunarekin irekidura hori ez da egin, baina uste dut gerora eginen dela. Amalur izena dugu; ekologisten eta abertzaleen arteko aliantza bat egiteko gogoa dugu. Orainokoan, ABk eta Batasunak ez dute parte hartu nahi, baina gauzak aurrera doaz, eta geroago eginen den aitzinamendua dela uste dut.

Bost alderdi ezkertiarrek eta abertzaleek elkarlanaren engaiamendua hartua dute, akordio nazional bat izenpeturik dute. Agian, azken aldia da horrela alderdi abertzale bakar bati lotzen zaretela...

Bildu eta Amaiur taldeekin agertu da elkarlan hori, eta beharrezkoa dela uste dut. Irunen, Ficoban izenpetu berri dute akordioa bost alderdiek, eta hori baikorki ikusten dut. Ni horren alde naiz osoki; prozesu egokia dela iruditzen zait, irekidura espirituan delako. Irekidura hori beharrezkoa da, batez ere Frantziako hauteskundeetan, dugun pisua sentiarazteko eta tokiko errealitatea zein den erakusteko.

Oraindik elkarlan zabalagoa ikusten duzu zuk?

Ezkerreko alderdi abertzaleekin ikusten dut elkarlana. Jada lan egin dugu ABrekin; izan ingurumenaz, hizkuntza gutxituez eta gai politiko anitzei buruz, arlo anitzetan iritzi bera dugu. Beharbada, denbora eman behar zaio denborari, eta elkar ezagutzen ikasi behar dugu.

Zein mezu igorri diezue hautesleei kanpaina honetan?

Euskal lurralde elkargo baten aldeko mezua zabaltzen gabiltza. Horrek aurrekontu propioa eta eskumenak ukanen lituzke eta herritarrek zuzenki bozkatutako batzarra luke. Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetzearen eta Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzearen alde gara. Hizkuntza gutxituak ez dira inoren jabegoan; hizkuntza hitz egiten den lurraldean bizi direnen ondare bat da. Euskara aberastasun bat da. Euskaraz hitz eginez ez gara hesten; alderantziz, espirituen irekidura da. Bake prozesuaren alde gara ere: Aieteko konferentzia une oso azkarra izan zen. Frantziako Gobernuak behar du orain mahai inguruan jarri.

Bake prozesuan inplikatzeko nahikeria ez du erakusten Frantziak.

Ez, argi da. Ez dugu nahikeriarik sendi ez Frantziaren partetik, ez Espainiaren partetik. Alderantziz, atxiloketekin eta euroaginduekin segitzen dute. Baina, nahi ala ez, prozesu horri lotu beharko dute; orain da gertatzen ari, eta ez dute aukera alferrik galdu behar.

Zure ustez, nola lor daiteke Paris mugiaraztea?

Diputatuen lana da gobernuko arduradunak interpelatzea. Tokiko eskaerak bidali behar ditugu Parisera, bestela ez dira sekula entzunak izanen. Justuki, horretarako lotu nintzen politikari... elkarte munduan militatzen nuen azken 25 urteetan, baina oharturik politikariek dutela dena erabakitzen, politikari lotu nintzaion herri mailan. Europe Ecologie Berdeak entzunak gara eskualde mailan, eta orain nazional mailara pasa behar dugu. Helburutzat ukanez beti hemengo aldarrikapenak Parisen entzunaraztea.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bake prozesuan parte hartzeko mintzakidetza talde berria osatu du. Zer diozu horretaz?

Erabat baikorki ikusten dut hori; prozesuan parte hartu behar dute. Mahaiaren inguruan ezarri behar dugula diot, baina aulki bat hutsik baldin bada, ezingo da aitzinatu.

Ingurumenari loturiko proposamen batzuk ere badituzue, seguru aski.

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren alde gara. Euskal Herriko Laborantza Ganberak egin lana garrantzitsua eta oso aberasgarria da. Bestalde, industriari begira ere, ez goaz aktibitate horren aurka, baina diogu ingurumenaren arloan diren arauak errespetatu behar direla. Fertiladour gunearekin izandakoa ez da berriz gertatu behar. AHTaren bide berriaren aurka ere bagara, ingurumena suntsituko duelako. Finantza ikuspegitik begiraturik ere ezin onartua da. Ezin onartua da departamenduak 76 milioi euro ematea Tours-Bordele zatiari, hobe litzateke diru hori hemen baliatzea, gizarte arloan adibidez.

Ikusiz dagoen krisi ekologikoa, nola aztertzen duzu Europe Ecologiek presidentetzarako bozetan Ipar Euskal Herrian botoen %3,6 eta Frantzian %2,3 soilik lortu izana?

Beharbada hautagaia emaztea zelako eta politika oso ingurune maskulinoa delako... Gauzak sobera salatzen ditugulako eta politikaren aldaketa aipatzen dugulako... Jendea beldur ote da? Edo istripuaren beha egon behar dugu aldaketak egiteko? Ez dakit, galdera handia da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: