Jon Salsamendi. Urdaibaiko entrenatzailea

«Goian sartzeko hautagaien multzoan gaude»

Aitor Manterola Garate.
2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Entrenatzaile berria dauka Urdaibaik: Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970). Hainbat urtez Astilleron ibili eta gero, Bermeoko klubera joan da. Gustura ari da lanean, pozik dago taldearen jarrerarekin, eta ematen du elkar ondo hartu dutela arraunlariek eta entrenatzaileak.

Zein da Urdaibairen helburua aurten?

Iazko mailari eutsiz aurrerapausoa eman nahi dugu, baina, lehendabizi, iazko maila dugula erakutsi beharko dugu. Bandera bakarra irabazi bazen ere ligan, estropada ia guztietan banderen lehian egon zen. Hori erakusten badugu hasiko gara beste helburu batzuen inguruan hizketan.

Orain arteko erreferentzien arabera, maila hori emateko moduan zaudete?

Bakoitzak bere etxean dauzka erreferentziak, liga hasi aurreko estropadek ez dutelako askorako balio. Lasai nago, prestakuntzako lanean jarri ditudan helburuak aurrera eramateko ez dudalako arazorik izan.

Iazko emaitzak hobetzeko presioa al duzue?

Ez. Denok daukagu motibazioa hobetzeko, baina presiorik ez.

Zer ematen dio Jon Salsamendik Urdaibairi?

Oraindik goizegi da halako bide luzea duen klub batean nik zerbait eman dudala esateko. Saiatu naiz lasaitasuna ematen. Arraunlariak gogotsu aurkitu ditut, baina antsietate puntu handiarekin ere bai, eta irabazteko grina hori daukate, beste batzuei beste zerbait erakusteko- edo. Horregatik, taldeak lasaitasuna behar du lana bere erara egiteko, emaitzetatik kanpo ibiltzeko, onak edo txarrak izan. Gero, jakina, teknika aldetik- eta nire ekarpena egiten ari naiz, baina, oraingoz, lasaitasuna ematea da daukadan lehentasuna.

Nolako liga izango da aurtengoa?

Urtero bezala, oso gogorra izango da. Beste klubek iazko taldeei eusten diete, Hondarribiak eta Kaikuk, esaterako, eta berriz ere ondo ibiliko direla iruditzen zait. Besteak hor goian sartzeko hautagaiak gara. Erdikoren batek egingo du gora, gero: Portugalete eta San Pedro sendo daude, eta San Juanek beti ateratzen du burua. Ezin ahaztu Orio, oso indartsu datorrelako.

Zer iritzi duzu Bartzelonako hasieraz?

Lasaitasuna ematen ez didan kontu bakarra da. Badakit ondo antolatuta egongo dela, baina eremu horretan estropadarik jokatu ez denez, kezka puntua daukat. Hasierako datak ere aztoratu egin ditu prestaketako plangintzak, baina bakoitzak jakingo du nola aurre egin horri. Denok jarri behar dugu zerbait gauza ondo ateratzeko. Puntuak banatzen dira, eta tentsio puntu horrek ez nau asko lasaitzen. Gero, txandak zozkatuak izateak eta txandatik txandarako aldaketek ere ez naute lasaitzen, baina hori ez da Bartzelonako kontua bakarrik, hemen ere gertatzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.