Orain arteko laneko ildoaren jarraipena bermatu nahi du Maitiak EEPren gidaritzan

Eragileen elkarlana bultzatu nahi du presidente berriak, lehentasuna emanez euskararen erabilerari

Frantxua Maitia, atzo, EEPko presidente gisara egindako lehendabiziko agerraldian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Frantxua Maitia EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente izendatu zuen ostegunean erakundeko administrazio batzordeak, eta kargua hartu bezain laster orain arteko ildoaren segida bermatu nahi duela adierazi zuen. Lehenik eta behin, Max Brisson presidente ohiak egindako lana eskertu, eta omenaldia egin nahi izan dio. Hark bezala hainbat eragileren elkarlana sustatu eta erabakiak adostasunean hartzea hobetsiko duela jakinarazi du Maitiak.

Erakunde publikoek euskararen aldeko politika egiteko eskatu zutenen lehenen artean egon zela gogora ekarri du Maitiak, oroitaraziz EEP sortu aitzin Hizkuntza Kontseiluaren partaide izan zela. Horrek porrot egitean EEPren sorreran parte hartze zuzena ukan zuela azaldu du.

Adostasuna oinarri

Euskararen aldeko eginkizun publikoa borroka politikoetatik urruti atxiki behar dela dio Maitiak. Barne araudietan aipatzen da erabakiak aho batez hartu behar direla eta horretarako adostasuna lantzea funtsezkoa dela dio Maitiak. Max Brisson EEPko presidente ohiak bulego bilkuretan parte hartuko duela jakinarazi du, bereziki hezkuntza arloarekin zerikusia duten gaietan. «EEPren lana adostasuna bilatzea da etengabean, indarrak biltzea».

Kargua hartu aitzin Maitiak parte hartu du Batera mugimenduan, eta maiz eskatu du euskararen ofizialtasuna eta haren aldeko legea onartzea. «Militante politiko gisa ofizialtasunaren aldekoa naiz, eta legea aldarrikatzen dut, baina EEPko presidente gisa ezin dut horrelako jarrerarik hartu», azaldu du.

«Brissonen garaian euskararen transmisioari eman zitzaion lehentasuna, eta orain euskararen erabilera sustatu behar da», dio Maitiak. Bizi publikoan euskarak toki handiagoa har dezan eta erabilia izan dadin dagoeneko abian diren hainbat lan ardatz aipatu ditu, hala nola euskararen presentzia handitzea administrazioan zein harrera zerbitzuetan eta haurtzaindegietako eskaintza ugaltzea.

Xede hori lortzeko funtsezkoa da administrazioko langileak euskalduntzea. Alta, trebakuntza erakundeek trabak ezartzen dituzte hizkuntza lan trebakuntza gisa hartzeko. Traba horiek kentzeko saioak eginen dituela azaldu du. Gisa berean, aisialdian euskarak duen presentzia garatu nahi du. Trabak traba, aurten ikasleek ez dute ukanen baxoa euskaraz egiteko paradarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.