Europaren lemak ekialdera egin du, Hungariak EBko presidentetza hartuta

EBko hedapen prozesua sustatzea da xedatutako lehentasunetako bat; Balkanetako herrietara begira ari da Budapest

2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Hungariak Belgikaren lekukoa hartu du; Europako Batasuneko txandakako presidentetza izango baitu aurrerantzean eta hurrengo sei hilabetetan Budapestek. Lisboako Ituna onartu zenetik zuzendaritza sinbolikoa da hein handi batean; Europako Kontseiluko presidentea eta EBko Atzerri Politikarako goi arduraduna ezarri zirenetik txandakako presidentetzak garrantzia galdu baitu, baina, hala eta guztiz ere, norabide politiko nagusi batzuk xedatzeko balioa badu beti.

Budapestek hurrengo sei hilabeteotan eskuetan izango duen presidentetzan lau ardatz nagusi izango ditu: Europaren eredu soziala sendotzearren, hazkundea eta enplegua sustatzea; Europa indartsuago bat garatzea; herritarretatik hurbilago izango den erakundea bideratzea; eta EBren hedapen prozesua garatzea eta auzokidetasunari eustea.

Azken atal horri dagokionez, ekialdeko estatu batek presidentetza hartzea lagungarria izan daiteke Balkanetako herrialdeek hedapenaren bidean urratsak egin ditzaten. EBko lema hartu aurretik, Hungariak aurkeztutako politika egitasmo nagusien artean bazen Kroazia estatu kide bihurtzeko xedean negoziazioak bururaino eramatea aurtengo lehen seihilekoan. Serbiarekiko negoziazioetan ere aurrerapausoak emateko prest da Budapest.

Haatik, handitze bide horretan jarraitzearren, batasunak sendoa eta indartsua izan behar duela argi uste du Hungariak. Europak astindu duen krisia ere aintzat hartuko du horregatik. Defizita eta desoreka handiak dituzten estatu kideak zigortzeko sistema bat abian jartzea izango da erronka nagusietako bat. Eta erreskate funtsaren inguruko negoziazioak amaitzea. Hungariak, hala ere, bigarren maila batetik bideratuko ditu egitasmo horiek, izan ere, eurogunetik kanpo dago herrialdea. Janos Martonyi Hungariako Atzerri ministroak, hala ere, bide horretan lan egiteko asmoa agertu du: «Merkatuak lasaitu eta krisia atzean uztea baino inportanteagoa den ezer ez dago. Horretan arrakasta badugu, guztiontzat izango da onuragarria».

Hazkundea eta enplegua

2012an eraldatuta egongo den Nekazaritza Politika Bateratu berriaren diseinatze bidean urratsak bultzatu nahi ditu Budapestek. Energia alorreko politika berri bat xedatze asmoan eztabaida garatzea ere helburu du. Halaber, uraren baliabideen erabilerarako politika bateratua egin asmo du.

Hungariak, dena den, aurreko presidentetzaren ildoari eusteko asmoa agertu du, batasunaren esparruan hazkundea eta enplegua sendotzeko helburuak aldarrikatzean. Europako eredu soziala sustatu nahi du ekonomia sendotzearren. Iazko ekainean, estatu eta gobernu buruak adostutako Europa 2020 estrategiaren ardatzak bideratzeko ahaleginetan arituko da, beraz, datozen sei hileotan Hungaria. Europa 2020 politika ardatzen artean, herritarren ongizatea eta bizi-baldintza hobetzea xedatuta dagoelarik, Hungariak iragarri du pobreziaren aurkako neurriak zehaztea, onartzea eta gauzatzea izango dela lehentasunetako bat.

EBko herritarren oinarrizko eskubideak babeste eta sendotze aldera ere urratsak egin nahi dituela azaldu du Budapestek. Izan ere, Frantziak Errumaniako eta Bulgariako ijitoen aurka iaz hartutako neurriek zalaparta handia piztu dute EBn. Gertakari horien inguruan adierazitako hitz ederrak obratu beharra nabarmenduta, iragarri du ijitoen integrazio politikak garatzeko gogoa baduela bere presidentetzan.

Kultur aniztasuna babestu

Europako Batasunak xedatutako politika ezberdinek herritar ororengan eragin zuzenak dituztelarik, erakundea egitura teknokratiko bat bezala ikusten dute herritar gehienek. Eta, hori dela eta, «herritarretatik hurbilago» izango den erakunde baterako urratsak bideratzea ere helburutzat hartu du Hungariak. Herritarren mugimendu askeak babestea eta hobetzea, oinarrizko eskubideen geriza handitzea eta kultur aniztasuna zaintzea jarri ditu bere egitasmoetan. Kultur aniztasunaren auziari zehazki dagokionez, azpimarratu du estatu kideei ohartarazi diela «Europaren balio handienetako bat» dela, «zaindu eta garatu beharrekoa».

Lisboako Itunak, baina, txandakako presidentetza zerbait sinbolikoan bilakatu du; 2009ko abenduaren 1ean jarri zen indarrean ituna bi kargu berri sortuz.Europako Kontseiluko presidentea —Herman Van Rompuy— eta Atzerri Politikarako goi arduraduna —CatherineAshton— dira bi arduradun gorenak. Eta Europako Legebiltzarraren botereak ere zabaldu egin dira epe honetan. Hortaz, aginte exekutibo eta legegilearen arteko lehia handitu egin da, eta desadostasunak tartean egonda, aurtengo aurrekontuak abenduaren 15ean onartu zituzten, azken epetik oso hurbil. Eurodiputatuek onartutako aurrekontuetan, erabilera atala 1.265.000 milioi eurokoa izango da, eta inbertsioena, berriz, 1.418.000 milioi eurokoa. Hungariaren presidentetzaren aurrekontuei dagokienez, 80 milioi eurokoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.