Erreboltarien aurkako erasoak etetea onartu du Hego Sudanek

Garapenerako Nazioarteko Aginteak lau egun eman dizkio presidenteari, oposizio buruarekin batzar dadin

Erredakzioa
2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hego Sudango Gobernuak su-etena iragarri du. Erreboltarien kontrako eraso guztiak «berehala» eteteko eta egungo egoera gatazkatsuari «negoziazioan oinarritutako irtenbide bat» emateko konpromisoa hartu zuen atzo herrialde horretako Atzerri ministro Barnaba Marial Benjaminek, IGAD Garapenerako Nazioarteko Agintearen goi-bileran.

Bilkura berezia egin zuten Nairobin (Kenya) IGADeko kide diren Afrika ekialdeko bost herrialdeetako ordezkariek, Hego Sudango krisia aztertzeko. Herrialdeko presidente Salva Kiir ez zen bilkuran izan, baina, haren izenean, Atzerri ministroak adierazi zuen matxinatuen kontrako jazarpena bertan behera utziko dutela.

Horrez gainera, nazioarteko erakundeak lau eguneko epea eman dio Hego Sudango Gobernuari, presidentearen eta oposizioko buru den Riek Machar agintari ohiarekin bilkura antola dezan, «herrialdean piztu den indarkeria amatatzea helburu». Hilaren 31 baino lehen ez bada bilera hori egiten, «neurriak» hartuko dituela ohartarazi du IGADek, baina ez zuen horien gaineko xehetasunik eman.

Konpromisoak oposizioari

Gailurrean ziren ordezkari guztiek gaitzetsi egin zuten atzo Hego Sudango «estatu kolpe saialdia». Etiopia, Kenya, Uganda, Somalia eta Djibutiko Atzerri ministroek nabarmendu zuten ez dutela «demokratikoki hautatutako gobernu baten eraistea» onartuko.

Kiirren gobernuak hartutako konpromisoari erantzuna emateko deia egin zion Etiopiako Atzerri ministro Tedros Adhanomek Hego Sudango oposizioari: «Su-etena aldarrikatu dezatela».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.