Komunikazioa

Euskal Telebistak «zorrik gabe» eta «emaitza onekin» bukatu du urtea

2013. urtean 123,3 milioi euro gastatu ditu EITBk; Jaurlaritzak eman dizkio horietatik 109 milioi euro

Aranburu, Kruzeta, Iturbe, Sarasola eta Elgezalbal, atzo, 2013ko txostenaren aurkezpenean. EITB.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«Bukatu berri den urteko balantzea oso baikorra da». Hala adierazi zuen atzo Maite Iturbek, EITBko zuzendari nagusiak. Zuzendaritza batzordeak agerraldia egin zuen, Bilbon, 2013ko balantzea egiteko. Lau ideia nagusi nabarmendu zituzten: euskarazko eskaintza bete egin dela, EITB taldearen ikusle kopurua handitu, informazio zerbitzua indartu, eta urtea zorrik eta defizit gabe bukatu dutela. Irrati taldeak eta albistegiek jaso dituzte emaitzarik onenak balantzean. Iturberekin batera, Jesus Elgezabal, Odile Kurtzeta, Pello Sarasola eta Andoni Aranburu izan ziren agerraldian.

Iturbek nabarmendu zuen 2013an hamabi milioi euro gutxiago izan zituztela aurrekontuetan. «Hala ere, ikus-entzuleengan beste komunikazio talde publikoek baino gehiago eragin dugu». Elgezabalek «oreka ekonomiko eta finantzarioa» nabarmendu zituen: «Ekonomikoki %11ko sarrera gutxiago izanda ere, defizit gabe bukatu dugu urtea, eta finantzazio arloan osasuntsu bukatu dugu, zorrik gabe». Guztira, 123,3 milioi euro gastatu ditu EITBk 2013an. Horietatik 109 milioi Eusko Jaurlaritzak emandakoak dira, eta 11,8 milioi publizitatetik jaso dituzte. Gainontzekoa baliabide propioetatik lortu dute. Aurrekontuaren murrizketei aurre egitea «gogorra» izan dela adierazi zuen Elgezabalek: «Hornitzaile, azpikontratazio, ekoizle eta hartzekodunen kontratuetan negoziatu egin behar izan ditugu». Baliabide propioen aldeko apustua egin behar izan dute 2013an.

Balorazio baikorra

Sarasolak eman zituen EITBko telebista kateetako audientzia kopuruak. 2013an EITBko kateek izan duten ikusle kuotaren batez bestekoa %13,1 izan da. Oraindik ere, Telecinco da EAEko biztanleen artean gehien ikusten den katea: %16,3ko audientzia. Programazioari dagokionez, albistegiek lortu dute ikus-entzule gehien: %17,4, Telecincok baino gehiago. Telebista emaitzekin pozik daude, baina, Sarasolaren hitzetan, «hazteko bokazioa» du EITBk.

Irrati taldeak emaitza «historikoak» lortu ditu, Kruzetak adierazi zuenez: «Irratientzat, audientziaren urtea izan da 2013a». 531.000 entzule bildu dituzte Hego Euskal Herrian. Lehen aldiz, Gaztea izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien entzundako musika irratia. Radio Vitoria entzun da gehien Araban, eta Euskadi Irratiak inoizko emaitzarik onena bildu du: 126.000 entzule. «Euskal hiztunen %55ek euskarazko irrati taldeak entzuten dituzte».

Atariari dagokionez, eitb.com-ek izan dituen emaitzekin «harrituta eta pozik» daude. Iaz baino %23 erabiltzaile gehiago izan dituzte.

2014rako hainbat erronka aipatu zituzten. Horien artean, Nafarroan ETBren seinalea digitalizatzea. Gainera, kontratu programa berria ezarri, eta bereizmen handiko katea bultzatu nahi dituzte aurten. Radio Vitoriaren 80. urteurrena ere ospatuko dute aurten. Iturbek aitortu zuen 2014ko aurrekontuak iazkoak baino 20 langile gutxiago biltzen dituela; 940, hain zuzen ere. Horri buruz sindikatuekin hitz egiteko asmoa du zuzendaritzak. Bestalde, 2014an lan eskaintza publikoen deialdia egin nahi dute, postua horrela irabazi ez zutenen tokiak betetzeko.

PSE-EEko Mikel Unzaluk, berriz, kritikatu egin zuen atzo Iturberen balorazioa eta EITBren kudeaketa. Kudeaketan eta edukietan aldaketak eskatu zituen Unzaluk. Salatu du lehen agintaldian 6,3 milioiko defizita sortu duela, eta Eusko Jaurlaritzara jo behar izan dutela erakundea «salbatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.