Honezkero, garratzera ohituak

Bilbo Basketek bi aldiz esan du agur Eurokopako azken fasean: Turinen 2009an eta Gasteizen 2010ean. ACB ligako final bat ere galdutakoa da, 2011n.

Mumbru, Banic eta Markotan, 2010eko Lauko Finalean. JUANAN RUIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek hamahiru urte eskaseko historia besterik ez du. Txikikeria bat beste talde handi batzuekin alderatuta. Kirol profesionalean arrakasta bizkorraren paradigma da, eta, sustrai motzeko taldea izan arren, zale fidel eta sutsu multzoa aurkitu du. Eta eskarmentudunak... onerako zein txarrerako. Lau urtetan ACB ligara igotzea gozoa izan zen, baina orbainak ere ageri dira Bilbo Basketeko zalearen azalean, eta hiruk ematen dute min bereziki: 2009an Turinen (Italia) eta 2010ean Gasteizen jokatutako Eurokopako Zortziko eta Lauko Finalean gertatutakoa, eta orain bi urte Bartzelonaren aurka jokatutako ACB ligako finalean gertatutakoa.

Poz eta zorion argazkiak gehiago dira Bilbo Basketen albumean, baina final batera iritsi edo gerturatu den bakoitzean bizkarrekoa jaso du. Honezkero, zalea garratzera ere ohituta dago. Lehen atsekabea 2009an hartu zuen, Turinen. Eurokopak azken fasea egituratzeko hiru modu izan ditu: Zortziko eta Lauko Finalak, eta final zuzena. Bilboko taldeak denak ezagutu ditu.

Zortziko Finaleko esperimentuak ez zuen arrakasta handirik izan. Zortzi taldeetako askoren zaleek ez zutelako erantzun, eta Turingo Palasporteko harmaila gehienak hutsik gelditu ziren. Zati bakarra bete zen, Bilbo Basketen zaleena, taldearen historiako nazioarteko lehen erromesaldian. Festa ondo hasi zen, gainera, Zadarren aurkako lehen partidan 76-67 irabazi zuelako. Estatistikak Janis Blums nabarmendu arren, Salva Guardia beteranoa izan zen jokalari erabakigarria.

Finalerdietan Khimki zuen zain, Moskuko taldea orain denaren kimua. Orduan Iurbentia zenak partida ona jokatu zuen, eta hortzak erakutsi zituen. Meritu handiko defentsak egin zituen, baina Khimkiren jokalarien kalitateak ahalegina ezerezean utzi zuen (79-73). Carlos Delfino izan zen Bilboko zaleak isiltzeko gai izan zen bakarra.

Chubb deituriko hura

Bilbo Basketek neurria hartu zion Eurokopari, eta urtebete geroago Gasteizko Lauko Finalerako sailkatu zen. Txapelketa ona egin zuen, eta milaka zalek tituluarekin amesteko arrazoiekin inbaditu zuten Buesa Arena. Baina lehen partidan esan zuen agur. Alba Berlinek eten zion bidea (77-70). Adam Chubbek 26 puntu sartu zituen egun hartan. Hura izan zen bilbotarren borrero.

Europakoez kanpo, eta Espainiako Superkopakoak alde batera utzita, Bilbo Basketek 2011n galdu zuen titulurik garrantzitsuena. ACBko finalean izan zen, Bartzelonaren aurka, eta historia gutxi izan zuen. Ligako ustekabeko nagusia izan ondoren, ondo lehiatu zen titulurako borrokan. Estu hartu zuen Bartzelona bigarren eta hirugarren partidetan, baina une erabakigarrietan aurkarien izarrek egin zuten distira. Azkenean, 3-0 nagusitu zen Bartzelona. Porrot hark, halere, ondorio ona ere izan zuen, Euroligarako txarrela. Etzi, bigarrenez sailkatzeko aukera izango du. Garaipenak bakarrik balio du oraingoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.