Komunikazioa

EITBk Gernikako bonbardaketaren 75. urtemugari gertutik kasu egingo dio

'EITB.com'-ek egun hartako bizipenak berreraikiko ditu Twitterren, '#gernika75' traola erabiliz

Ainhoa Arano -

2012ko apirilak 24
Antzinako gertaerak zein ezberdin liratekeen orain gertatuko balira. Denboran desagertzen diren lekuko bakanen ordez, denbora eta espazioaren mugak gainditzen dituen txio jarioa zabalduko litzateke; begizko lekukoen eta ukatutako hitzen ordez, errealitatea iruditan jasotzen duten argazki eta bideo uholdea gertatuko litzateke. Mundu osora zabalduko zen instant batean azoka egun horretan gertatutakoa. Bonbardaketa gaur egun jazo balitz orduko protagonistek nola kontatuko zuten irudikatu nahi izan du EITB.com-ek. Ekintza berritzaile hori Twitter sare sozialean gauzatuko da, #gernika75 traola erabiliz. Etzi hamar pertsona historikoren txioek Euskal Herriaren pasarte beltzenetako bat berreraikiko dute. Minutuko, hitza hartuko dute, besteak beste, Jose Antonio Agirre lehendakariak, Mola eta Von Richtoffen jeneralek, George L. Steer kazetariak, Alberto Onaindia apaizak eta Luis Iriondo, Andone Bidaguren eta Mateo Malaxetxebarria gernikarrek. Gernikako Bakearen Museoarekin eta Bonbardaketari Buruzko Dokumentazio Zentroarekin elkarlanean gauzatu dute egitasmoa, Interneteko tresnak baliatuz eta historiarekin ahalik eta zintzoena jokatuz. Kontakizuna webguneko atal berezian ikusi ahalko da. Bertan, bestelako edukiak ere jarri dituzte, hala nola argazkiak, bideoak eta infografiak.

Gernikatik, zuzenean

EITBk zuzenean kontatuko du etzi Gernikan gertatzen dena, albistegi zerbitzuetako plato berezi bilakatuko baita herria. Juntetxetik gernikarrak nola esnatzen diren ikusiko du Egun On Euskadi saioak, Gaur Egun eta Teleberri albistegiek goizeko zein arratsaldeko ekitaldien berri emango dute, eta egunak emandakoaren jakile izango dira Azpimarra eta Gauberri saioak ere. Jose Luis Bilbao Bizkaiko aldun nagusia elkarrizketatuko du Aitzol Zubizarretak Egun On Euskadi saioan; eta solasaldia egingo dute Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen Luis Iriondorekin. Maddalen Iriartek, berriz, Gernikako alkatearekin hitz egingo du Azpimarra saioan. Ni Más Ni Menos eta Euskadi Directo programetako erreportariak ere zuzenean izango dira, eta gaia landuko dute Forum, 60 Minutos, Bisitaria eta Harian saioek ere. EITBko irratiek ahalegin berezia egingo dute. Euskadi Irratiko Faktoria goizeko irratsaioa eta Mezularia Gernikatik egingo dira, baita Radio Euskadiko Boulevard eta Graffiti saioak ere. Bonbardaketaren azterketa historikoa egingo du, halaber, La Mecánica del Caracol saioak.

'Zerutik sua dator' lana

ETB1 kateak Zerutik sua dator dokumentala estreinatuko du etzi. Egoitz Rodriguezek zuzendu du lana, eta 36ko gerran Euskal Herriak jasan zituen bonbardaketak eta horien ondorioak bizi zituzten 50 lagunen testigantzak biltzen ditu. Rodriguezen esanetan, «Gernikakoaz gainera beste bonbardaketa batzuk ere egon zirela erakutsi nahi dut». Bestalde, ostegunean, Gernika bajo las bombas bi ataleko filma aurkeztuko du ETBk, 11:00etan, Gernikako Lizeo antzokian. Luis Marias da zuzendaria, eta datorren udazkenean estreinatuko da.

'Berria.info', bertatik bertara

Ondotik kasu egingo dio urtemugari Berria.info-k ere. Kazetariek zuzeneko kontakizuna egingo dute Berriketan.info sare sozialean eta Berria TBk zenbait bideo igoko ditu. Aurretik ere gaiaren kontakizun zabala egin du Berria.info-k. Albisteak, bideoak eta argazkiak biltzen dituen webgune berezia sortu du, eta gertaera lazgarri haren lekuko izan ziren herritarrei egindako elkarrizketak ere badaude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna