Komunikazioa

'Euskara Jendea' dokumental sortaren lehen atala, gaur ETB1ean

Euskal hiztun komunitatearen bilakaera aztertu dute sei ataletan; astean atal bat emango dute
Euskararen lehen aztarnak aztertuko ditu <em>Historiaren atarian</em> lehen atalak.
Euskararen lehen aztarnak aztertuko ditu Historiaren atarian lehen atalak. EUSKARA JENDEA

Adrian Garcia -

2013ko urriak 30
Hizkuntza baten historia beren hiztunena da ezinbestean, hiztunen historia hizkuntzarena den modu berberean. Ideia horri tiraka idatzi zuen Juan Karlos Etxegoien Xamar-ek 2006an Euskara Jendea liburua. Liburua hori oinarritzat hartuta, euskal hiztunen bilakaera aztertzen duen ikus-entzunezkoa sortu dute Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteek: Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza. Gaur emango dute ETB1ean, 22:30ean, sei ataletako dokumental sortaren lehena: Historiaren atarian.

Xamarrek liburuan jasotzen dituen ideia batzuk bildu dituzte dokumental sortan. «Hizkuntza ez da gugandik aparte dagoen zerbait. Hizkuntza ez dira gramatika eta hiztegia bakarrik, zerbait bizia da. Hizkuntza historian zehar hiztun komunitate guztion artean sortatutako emaitza da», azaldu du Lutxo Egia Ibaizabal-Mendebalde elkarteko kideak.

Euskarari buruzko lanak egin izan badira ere, ikus-entzunezkoetan zegoen hutsunea betetze aldera hasi ziren Euskara Jendea pantailara eramateko lanean, orain bi urte inguru. «Talaia honetatik begiratuta, bazegoen hutsune bat».

Jakina da euskara hizkuntza zaharra badela, jatorri eta ahaide ezagunik gabekoa. Jatorriaren misterioan sakondu baino, hiztun komunitatearen bilakaera aztertzen du Euskara Jendea-k. «Bilakaera eta iraupena». Bilakaera horrek berak misterio bat ere gordetzen baitu, eta hori azaltzeko Koldo Mitxelenaren hitzak ekarri ditu gogora Egiak. «Euskararen benetako misterioa ez da jatorria, iraupena baizik». Horren inguruan hainbat galdera plazaratu dituzte. «Denek ez dute erantzunik, baina galderak zabaldu ditugu ikus-entzuleak bere buruari egin diezazkion».

Euskal hiztun komunitatearen arteko harremanak, indar jokoak, ekarpenak, eta beste hiztun komunitateen arteko hartu-emanak landu dituzte dokumental sortaren sei ataletan. «Historiaren dantza luzean gertatzen den joko guztia, herriaren historia euskaratik eta kulturatik jorratu dugu, baina betiere hiztun komunitatearen ikuspegitik».

Topikoetatik aldenduta murgildu dira bilakaera horretan. «Gure hizkuntza, beste edozein hizkuntza bezala, ez da menderik mende bakarturik egon». Horren erakusle da Pirinioek historikoki igarobide gisa izandako garrantzia. «Hamaika kultura, tradizio eta hizkuntza igaro dira hemendik. Horren guztiaren ondorio da euskara». Erdi Aroan, esaterako, , Nafarroako zenbait herritan dozena erdi hizkuntza entzun zitezkeen, dio Egiak.

Atal bakoitzak 45 minutu inguru irauten du, eta historiako garai bateko euskal hiztun komunitatearen berri ematen du, historiaurretik hasita gaurdaino. 23 historialari, antropologo, hizkuntzalari, irakasle, kulturgile, idazle eta beste hainbat adituren ekarpenek aberastu dute ikus-entzunezkoa. Gainera, garai historiko bakoitza girotzeko dramatizazioak prestatu dituzte.

Harrera beroa

Udan azken bultzada eman ondoren, hil honetan aurkeztu dituzte sei atalak, bakoitza hiriburu batean. Kontent dago Egia lanak izandako harrerarekin. «Aretoak lepo bete dira, eta amaiera polita izan zen Bilboko Kafe Antzokian». Jendearen aldetik ere iruzkin onak jaso dituzte.

Durangoko Azokarekin batera DVD euskarrian kaleratuko dute lana, zortzi hizkuntzatan. «Diasporentzat, eta interesa agertu dutenentzat, japoniarrak, kasurako». Eta material didaktikoa ere sortu dute, euskaltegietan eta irakaskuntzan erabiltzeko. «Dibulgazioa da gure helburu nagusia. Ez dugu produktu iragankor bat egin nahi izan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna