Komunikazioa

'Ttipi-Ttapa' da Nafarroan irakurle gehien dituen euskarazko argitalpena

'Ttipi-Ttapa' hamabostekariak iaz 29.000 irakurle izan zituen, 2009an baino 14.000 gehiago

Bortzirietan eta Malerrekan zabaltzen da Ttipi-Ttapa aldizkaria. TTIPI-TTAPA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Nafarroan argitaratzen diren euskarazko argitalpenen artean, gehien irakurtzen dena Bortziri eta Malerreka eskualdetako Ttipi-Ttapa hamabostekaria da. CIES erakundeak Nafarroako Gobernurako egindako azken ikerketaren arabera, 2011n 29.000 irakurle zituen Ttipi-Ttapa-k. 2010eko ikerketarekin alderatuta, 4.000 irakurle irabazi ditu aldizkariak. Eta 2009koarekin alderatuz, 14.000 irakurle gehiago.

Nafarroako 289.000 herritarrek (biztanleen %52,9) Nafarroan bertan argitaratzen diren aldizkako argitalpenak irakurri zituzten 2011. urtean.

Gehien irakurtzen den astekaria La Verdad da (23.000 irakurle). Ondotik, Tuterako Plaza Nueva (20.000 irakurle) eta La voz de la Ribera (15.000) datoz. La Ribera Semanal aldizkariak beste 15.000 irakurle ditu.

Sakanan oso datu onak lortu ditu Guaixe aldizkariak. CIESek 14.000 irakurle eman dizkio euskarazko argitaralpen horri. Baina diru laguntzak murriztu ostean, egoera ekonomiko zailean daude bai Guaixe bai Beleixe irratiak. Joan den astean irrati maratoia egin zuten. Eta asteburu honetan euskarazko hedabideen aldeko afariak antolatu dituzte Etxarri-Aranatzen eta Altsasun.

Hamabostekarien artean, Ttipi-Ttapa da liderra. Ondotik datoz Lizarreriko Calle Mayor (20.000 irakurle) eta Tafallako La voz de la Merindad (13.000 irakurle).

Hilero argitaratzen direnen artean, Barrios de Iruña irakurtzen da gehien (51.000 irakurle). Tarte handia ateratzen dio Arrotxapeko Ezkaba-ri (18.000 irakurle).

Ze Berri bihilabetekeriak 42.000 irakurle ditu, hiru hilean behin argitaratzen den Conocer Navarra-k 29.000 irakurle eta Ribera Navarra bihilabetekeriak 20.000 irakurle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.