Komunikazioa

Euskarazko lehen irratsaioa aireratu zela 80 urte beteko dira gaur

Joseba Zubimendik eta Ander Arzelusek egin zuten lehen saioa, eta gaur omendu egingo dituzte, Donostian
Koldo Ordozgoiti, Elixabete Garmendia eta Inazio Mujika Iraola, atzo.
Koldo Ordozgoiti, Elixabete Garmendia eta Inazio Mujika Iraola, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2012ko martxoak 2
«Airetan dabiltzan egun mila deabru erderetan, sartu da azkenian euskara. Noiz izango dugu egun guziz?» P. Garmendiak 1932. urtean idatzitako gogo hartatik bete zen arte urte asko pasa behar izan ziren. Tartean «genozidio bat», Elixabete Garmendiak Euskara hegaz. Euskal Irratiak 80 urte jardunaldietan gogoratu zuenez.

1932ko martxoaren 2a zen Joseba Zubimendik eta Ander Arzelusek Donostiako Union Radio irratian euskarazko aurreneko irratsaioari ekin ziotenean. «Euskal irratiaren mugarria hor dugu. Eta irratia euskaraz sortu zuten gizon-emakumeekin zorra kitatzeko garaia badugu» adierazi zuen atzoko mahai-inguruan Koldo Ordozgoitik. Euskadi Irratian euskarazko irratiaren historiako kontaketa atalka egiten ari da azkeneko asteetan Ordozgoiti eta garai hartako dokumentu eta argazkiekin lanean dabil. «Hitza, abestia, musika eta Euskal Herri osoko artistak entzun ahal ziren euskarazko lehen saio haietan». Mikroaren aurrean pasa ziren, besteak beste Xabier Lizardi, Aitzol, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Toribio Alzaga, Elbira Zipitria, Tomas Garbizu, Jean Lafite. Orduko prentsak, berriz, izartzat Amale Arzelus 8 urteko neska jotzen zuen, Ander Arzelusen alaba. Aitak idatzitako bakarrizketak eta elkarrizketak gauzatzen zituen Amalek mikro aurrean, arrakasta handiarekin.

Ordozgoitik gogoratu zuenez ia irratsaio guztietako egitarauak argitaratu ziren garaiko kazetetan. «Baina ez dugu grabaziorik, pena da hori. Saio guztiak zuzenean egiten zituzten. Musika, antzezpenak, dena zuzenean egin behar zuten». Asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara entzuten zen saioa. Eta Ipar Euskal Herritik ere gutun ugari jasotzen zituzten. Baina 1934ko urrian Errepublikako gobernuaren aginduz, euskal irratsaioa itxi, debekatu egin zuten.

Zubimendi eta Arzelus, ordea, ez ziren mutu gelditu. Hala, 1935eko irailaren 19an Arzelusek aurreneko aldiz Kontxako Banderaren zuzeneko kontaketa egin zuen euskaraz Union Radion.

Beste urrats garrantzitsu bat, laburra izan arren, 1936ko ekainean martxan jarritako lehen euskara ikastaroa izan zen. Hamar bat saio egin zituzten, 36ko Gerra heldu zen arte.

Inazio Mujika Iraolak Zubimendi eta Arzelus zein izan ziren laburbildu zuen: «Donostiarrak ziren. Euskalzaletasuna zango gainean zeramaten. Eragile, bidegile eta bultzatzaile izan ziren, eta egile tarteka ere bai. Itzultzaileak eta kazetariak. Surik ez zegoen lekuan sua pizten zuten». Argia aldizkarian hasi ziren kolaboratzen 20ko hamarkadaren hasieran. El Dia egunkarian euskal orria gidatzen zuen egunero Arzelusek eta El pueblo vasco-n euskarazko asteroko orria Zubimendik.

Baina gerra iritsi zen. Arzelusek Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen ihesi. Euskal Irratia ere sortu zuen. Eta minbiziaz hil zen 1949an. Zubimendi komandante izan zen gerran. Kanbora joan zen eta han hil zen 1939an.

1976an, arrastorik ez

Euskarazko irratigintzak baditu beste bi mugarri: 1976ko 24 orduak euskaraz eta 1982an EITB taldearen sorrera. Herri Irratiaren 1976ko irrati maratoian ez zen oroitzapenik 1932ko lehen saioetaz. «Memoria ezabatu egin zen», dio Elixabete Garmendiak. «Galera eta atzerapena ekarri zituen erdian jasandako genozidioak. Zerotik hasi beharra ere bai. Eta hori oraindik nozitzen ari gara».

Gaur izango da jardunaldien bigarren eta azken eguna. Lehen saio hartako partaideak omenduko dituzte, eta Koldo Mitxelenan izango dira Amale Arzelus, Txaro Arteaga eta Jose Mari Iriondo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna