Komunikazioa

Emakume adituen datu basea egiteko proiektuak jaso du BERRIA beka

Oihana Etxebarrietaren eta Eider Olazarren nahia da emakumeen presentzia areagotzea komunikabideetan

BERRIA bekaren irabazleak Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariarekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Andoain
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
BERRIA fundazioaren BERRIA bekak badu proiektu irabazlea: Emakumeok kazetarion agendan: euskal emakume adituen biltoki digitala. Epaimahaiak ebatzi du aurkeztutako hamar proiektuen artean, Oihana Etxebarrietak eta Eider Olazarrek aurkeztutakoa dela laguntza jasotzeko «egokiena». Bekaren irabazleek 12.000 euroko diru laguntza bat jasoko dute hurrengo urtebetean proiektua mamitzeko. Horrez gain, BERRIA fundazioaren eta Euskarazko Komunikazio Taldearen baliabideak erabiltzeko aukera izango dute.

Euskal kazetaritzarako tresna berri bat sortzea da Etxebarrietaren eta Olazarren helburua. Albisteetan emakume protagonisten falta igarri dutenez, euskal emakume adituen agenda digitala sortu nahi dute. Horrela, kazetarien eguneroko lanean emakumeen presentzia handiagoa izateko. Agenda hori euskaraz izango da eta zazpi lurraldeetako emakumeak bilduko ditu. Bide batez, tresna horrek kontzientziaziorako eta hausnarketarako bide ematea nahi dute.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Josu Amezagak, Iban Arregik, Andres Gostinek, Martxelo Otamendik eta Beatriz Zabalondok. Erabakia hartzeko, proiektuaren ezaugarri hauek hartu dituzte kontuan: hedabideen tratamenduan genero ikuspegitik dagoen desoreka handia orekatzen lagun dezakeela; euskal hedabideek daukaten behar bati erantzuten diola; hutsetik abiatzen den proiektu bat dela; aurrera begira proiekzio handia izan dezakeela; eta, printzipioen arloan, proiektuak bat egiten duela BERRIA fundazioak sustatu nahi dituen balioekin.

«Borondatea badago»

Hainbat emakume kazetari bildu ziren 2012an Bilgune Feministak antolatutako Topaketa Feministetan. Tartean ziren Etxebarrieta eta Olazar. Komunikabideetan emakumeen egoera zein zen aztertu zuten han. Besteak beste, ondorio bat atera zuten: emakumeen presentzia «txikia» zela. Hein handi batean, emakumezko «erreferenteak» falta zirelako.BERRIA bekaren irabazleen ustez, askotan hori gertatzen da kazetaritzak eskatzen duen «azkartasunagatik». Izan ere, euskal komunikabideetan, oro har,hutsune hori betetzeko «borondatea» badagoela diote: «Gogoa badago joera hori aldatzeko. Tresnak sortu behar dira, beraz, kazetari horiei laguntzeko».

Alor askotan informazioa lantzen laguntzeko «aproposak» izan daitezkeen emakumeen kontaktuak bildu nahi dituzte. Adituak eta arituak. Bi kontzeptu horiek nabarmentzen ditu Etxebarrietak: «Garrantzia bera emango diogu unibertsitateko fisikako ikerlari bati, edo bizitza guztian sendabelarren inguruan aritu den baserritar bati. Emakume guztiei sinetsarazi nahi diegu zer kontatua eta erakutsia badutela». Are gehiago, Olazarrek uste du kazetaritzaren ikuspegia «zabaltzea» ekar lezakeela horrek: «Orain albisteetan hainbeste lantzen ez diren gaiak eta eremuak erakusteko ere balioko du».

2012. urtean antzeko egitasmo bat sortu zuten Sevillan (Espainia). Mujeres Periodistas de Sevilla taldeak 300 emakume adituren kontaktuak bildu zituen, «kazetariei emakumezko iturrietara heltzea errazteko». Lan hura «egokitu», eta Euskal Herriko kazetaritzara ekarri nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.