Madrili aurre egiteko eskatu dio LABek Jaurlaritzari

Sindikatuak uste du gobernu berriak hartu nahi dituen neurriekin ez dela posible izango krisitik ateratzea

Maite Alustiza.
Donostia
2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Lehendakaria da aldatu den bakarra». Iñigo Urkulluren inbestidura saioan LABek ez du sumatu arlo ekonomikoan aldaketa handirik egongo denik. Uste du krisia eragin duten politika berak eginda ez dela krisitik ateratzea lortuko, eta hori da, sindikatuaren ustez, Urkulluk duen asmoa. «Orain arteko ondorioak txarrak izan dira, eta bide beretik jarraituz gero, are kaltegarriagoak izango dira», zioen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, atzo, Donostian egindako agerraldian.

Krisiak «sakoneko neurriak» eskatzen dituela argi dute. Hori horrela, hiru proposamen egin dizkiete bai Jaurlaritzari, bai Eusko Legebiltzarrari. Batetik, Madrilgo gobernuaren neurrien eta murrizketen aurka planto egiteko deia egin die. Aurre egin gabe, «ezinezkoa» deritzo Euskal Herrian alternatiba propio bat eraikitzeari. Alternatiba horrek, gainera, eragile guztien parte hartzea beharko luke.

Bestetik, gobernuek orain arteko doikuntzak atzera bota ditzaten nahi du: soldatetan ezarritako murrizketak, zerbitzu publikoko langileen lan baldintzei kalte egin dieten doikuntzak, osasun arlokoak, hezkuntzakoak... Azkenik, konpromiso jakinak bilduko dituen programa bat aurkezteko deia egin die erakundeei. Horrek hainbat atal jorratu beharko lituzke, eta horietan lehena aurrekontuena litzateke. Hori prestatzeko, «gizartearen premiei eta gehiengoaren eskaerei» entzuteko eskatu diete.

Aurrekontuekin batera, beste zenbait arlo landu beharko lituzke Jaurlaritzak programa horretan, LABen ustez. Horren barruan leudeke zergetan gogo-berdintasuna bermatzea, zerbitzu publikoa lehenestea, eta kalitatezko enplegu publiko zein pribatua sortzea.

Mobilizazioari eustea

Konpromiso zehatzik ez zuen topatu LABek Urkulluren diskurtsoan. Bea Martxueta ordezkariak salatu du lehendakariak ez zuela datu zehatzik eman, eta emandako bakarra sektore publikoaren %20ko murrizketa iragartzeko izan zela. Etxaideren arabera, «oso kezkagarria» da erabaki hori inolako akordiorik gabe hartu izana: «Beti leku beretik murrizten ari dira». Egungo egoeraren inguruko diagnostiko bat ez egitea ere faltan sumatu du sindikatuak. Halakorik ez badago, «zaila» ikusten du lagungarriak izango diren neurriak hartu ahal izatea.

LABek argi du alternatibak badaudela egungo eredu sozioekonomikoaren aurrean; horretarako, beharrezkotzat jotzen du «borondate politikoa». «Gauzak aldatuko dira erabaki berriak hartzen badira», adierazi du Etxaidek. Erakundeen «immobilismoak» jarraitzen badu, eurek mobilizazioari eutsiko diotela ziurtatu du, hori baita «egoera aldatzeko bidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.