Gauzak aldatu egin dira

Iragan astean emaniko itxura ona dela eta, Beroizek apustuak alde izango ditu Albisuren aurka gaur: 100-60ri

Mikel Beroiz eta Jon Ander Albisu, gaur erabiliko dituzten pilotekin. A. C. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Mikel Beroizek txapelketako gidoia hautsi zuen joan den astean. Inork espero baina itxura hobea eman zuen Joseba Ezkurdiaren aurka. Zale askok zioten Ezkurdia Martinez de Irujoren aurka final-laurdenetan jokatzen ikusi nahi zutela, Beroiz eta, bide batez, Jon Ander Albisu tramite hutsa balira bezala. Gauzak aldatu egin dira, baina, eta nola, gainera, Beroizek lortu baitzuen aurrera egitea, eta hura ariko da Albisuren aurka, gaur, Tolosako Beotibar pilotalekuan (22:00, ETB1).

Apustuak Beroizen alde irtengo dira, aldearekin gainera: 100-60ri. Partida duela astebete jokatu izan balitz, momioa beste bat litzateke: parean, edo 100-80ri asko jota. Iragan astean emaniko itxura onak, baina, apustu zaleen ustea aldatu du. 22-18 irabazi zion Ezkurdiari, eta ordukoan apustuak doblean zeuden Beroizen aurka. Jokaldia amaitzen aritu zen bereziki trebe, horma-biko eta dejadekin. Albisuk ere ikusi zuen: «Jokaldi perfektuak izan ziren. Mikel edozein piloteori eusteko gai dela badakigu, eta ikusi zen trebea dela tantoa egiten».

Jon Ander Albisuk bigarren txandan ekingo dio manomanistari. Binakako txapelketako finala jokatu zuen, eta Asegarcek prestatzeko astebete gehiago ematea erabaki zuen. Ondo zukutu du, gainera. «Bi entrenamendu berezitu egin ditut, Bengoetxea VI.a eta Idoaterekin, eta ondo ikusi dut neure burua». Asegarceko teknikariek Albisuk buruz burukoa jokatzeko dituen dohainak nabarmendu dituzte azken urteetan. Afizionatu mailan txukun ibili zen, baina profesionaletan, ez du zorterik izan. Bi aldiz hartu du parte Lehen Mailako txapelketan, eta bietan 22-21 galdu du lehen partidan. 2010ean Merino II.aren aurka, eta iaz, Olaetxearen kontra.

Jaunarena, antzera

Asteburuan buruz buruko txapelketako beste hiru partida jokatuko dira, eta hiruretan aldea egongo da apustuetan. Iruñean, artekariek Abel Barriolaren aldeeskainiko dituzte apustuak, 100-60ri inguru, Julen Retegiren aurka. Arrigorriagan, berriz, Xalaren alde egongo dira Mikel Urrutikoetxearen aurkako partidan: 100-40i. Azkenik, igandean, Jon Jaunarena izango da faborito Jose Javier Zabaletaren kontra: 100-60i. Olaizola I.ari 22-3 irabazi zion, baina, Aspek dioenez, joan den astean jokatu izan balitz, momioa bera litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.