Darwin eta gu

Ongi etorri herrira!

Jose Mari Pastor -

2013ko urriak 5
Astelehen goiza. Haren WhatsApp-ek azken konexio ordua agertzen du: 09:45. Hamarretan bilera hasteko da, baina komunikazioa hil egingo da gero. Halaxe segituko du datozen hiru egunetan. Atxiloketa, oraingo honetan, goizeko argietan izan da.

Trantsizio-tranpako lehen urte haietan Xabier Arzalluzek halako zerbait esan zuen elkarrizketa batean: euskaldun bati esanez gero gauaren erdian zein nahiago zuen etxean ate-joka hastea, guardia zibil bat edo ETAko kide bat, argi zegoela euskaldunak zer erantzungo zuen. Ez zuen guardia zibila aukeratuko. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira geroztik; gauza asko aldatu dira, baina gaur ere euskaldun askok ez lituzkete guardia zibilak aukeratuko trantze horretan jarriz gero. Ez, behintzat, Arzalluzek gogoan zituen herritarrek. Izan ere, euskaldun askorentzat guardia zibila guardia zibila izango da beti.

Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira Guernica koadroa eta guardia zibila irudi bakarrean elkartu zituen argazkia egin zutenetik ere. Kataluniako egunkari bateko gehigarrian azaldu da aste honetan, argazkilaritza historiaren lekuko gisa agertzen duen erreportajean. Irudia 1981ekoa da. Picassoren maisulana Madrilera heldu berria zen, eta Cason del Buen Retiro jauregian zegoen. Argazkian guardia zibil bizardun bat dugu, fusila eskuetan. Kontraste itzela: guardia zibila, Francoren garaiko basakeriaren ikurra, diktadorearen laguntzaile nazien sarraskia salatu zuen koadroa babesten. Diktadurako errepresio garai beltzenen ordezkaria, bakearen eta askatasunaren sinboloaren zaintzailea. Torturatzailea, askatzaile bihurtuta. Ezin jakin guardia zibil hark zer izango zuen buruan Guernica zaintzen ari zen bitartean. Ezin jakin inoiz inor torturatu ote zuen, edo herritarrik jipoitu ote zuen kalean. Ezin jakin Madrilen zaindu zuen koadroaren irudiak etorri ote zitzaizkion burura halakoak egiten zituen bitartean.

Frankismoaren lehen urteetan lanik ez, eta guardia zibila izatea bururatu zitzaion gure osaba bati. Herriko kuartelera joan, eta han hasi zaio kapitaina galdekatzen. Proba gainditua duela pentsatu duenean, suzko proba heldu da: kapitainak esan dio guardia zibil batentzat betebeharra dela garrantzitsuena, obedientzia dela lehena: amaren gainetik pasatu behar badu, pasatu egingo da; ama aurrean jartzen bazaio eta beste erremediorik ez badago, ama ere kolpatu beharko du. Osabak hori egiteko prest ez zegoela esan, eta alde egin du. Handik gutxira Euskal Herrira etorri zen, langile. Bere herriko beste batzuk ere etorri ziren. Guardia zibil.

Ezin jakin Guernica zaintzen ari zen guardia zibilari esan ote zioten amaren gorputzaren gainetik pasatu beharko zuela, hala eskatuz gero. Ezin jakin orain zer irakasten den akademia militarretan, baina badakigu guardia zibilek euskaldunentzat zer ordezkatzen duten. Aste honetan ikusi ditugu berriro ere lanean, Herrira-ko kideak atxilotzen. Fernandez Diaz jaunak ez du ongietorririk nahi. Eloy Velasco epaileak elkartasuna zigortu du, kriminalizatu. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du frankismoko torturatzaileak epaitzea gura; barre egiten die Argentinaren eta NBEren eskaerei. Euskal preso politikoen alde lanean ari direnen kontra, ordea, erreparorik ez. Dena da ETA, eta Herrira legez kanpo utzitako beste erakunde edo kolektibo batzuen jarraipena dugu. PP eta auzitegi hori ez al dira, ba, frankismoaren nolabaiteko jarraipena?

Espainiako Barne ministroak hobe luke hausnartuko balu zergatik milaka eta milaka euskal herritarrek hartu duten arnasa asteleheneko atxilotuak ez dituztela inkomunikatu jakin eta gero. Bere buruari galdetu beharko lioke zergatik, oraindik ere, euskal herritar askok ez duten guardia zibil bat aurkitu nahi, gauaren erdian, ate-joka.

Ostegun arratsaldea. Epaileak libre utzi duela azaldu dute hedabide digitalek. Oraindik ezin izan du WhatsApp-en sartu, baina bere telefonoak mezua jaso du: «Aupa, txo! Ongi etorri herrira!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna