Eliza katolikoak barkamena eskatu du Herbehereetako sexu gehiegikeriengatik

Ikerketa batzordearen arabera, 10.000 eta 20.000 gazte inguruk jasan zituzten elizgizonen abusuak

2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Herbehereetako elizgizonek 10.000 eta 20.000 adingabe ingururi sexu gehiegikeriak egin zizkieten 1945etik 1981era artean. Hala jakinarazi du, behintzat, Apezpiku Biltzarra ikertzeko sortutako batzorde independenteak, eta apezpikuen ordezkariek barkamena eskatu dute, eta damu direla azaldu: «Kasuen kopuruarekin harriturik gaude», gaineratu dute. Wim Deetman Herbehereetako ministro ohia buru duen batzordeak 1945. eta 2010. urteen bitarteko kasuak bildu ditu, baina emaitza absolutuak 1981. urtera artekoak izan dira, ordura arte gertatu baitziren gehienak. Apaiztegietan, umezurztegietan eta barnetegietan egin zituzten gehiegikeriak.

«Ez dugu egoki jokatu, eta lotsa eta tristura sentitzen dugu, gehiegikeria kasuak direla eta», adierazi du Herbehereetako Eliza katolikoko bozeramaileetako batek. Biktimekin harremanetan jarri dira, eta 5.000 eta 100.000 euro bitarteko kalte-ordainak emango dizkiete, jasandako gehiegikerien larritasunaren arabera; behin eta berrio bortxatu zituztenei emango diete diru gehien, baina gehienek 5.000 eta 25.000 euro bitarte jasoko dituzte. Hain zuzen, ikerketa batzordeak argi azaldu du kaltetuek diruaz gain artatze zentroetako laguntza ere behar dutela.

Jakinaren gainean zegoen

Apezpikuen Biltzarra ikertzeko batzordea 2010ean sortu zen, ehunka lagunek Eliza katolikoaren kontrako salaketak jarri ostean; gutxienez 1.975 bildu dituzte. Deetman da buru, eta beste sei kide gehiago ditu. 2010ean bertan Alemaniako, Irlandako eta AEBetako apaizek egindako sexu gehiegikerien inguruko datuak argitaratu ziren, eta Benedikto XVI.a aita santuakkasuen gain sentitzen zuen «ikaragarrizko nahigabea» helarazi zien biktimei.

Gehiegikeriak egin zituzten 800 elizgizon inguru identifikatu dituela aditzera eman du batzordeak, eta horietatik 105 inguru bizirik daudela gaineratu du. Dena dela, ez dituzte haien datu pertsonalak publiko egingo, eta argi utzi nahi izan dute jasotako informazioak ez dituztela «froga juridiko» moduan erabiliko.

Ikerketa batzordeak, halaber, agerian utzi du Eliza katolikoaren «isiltasunaren legea», hark gehiegikerien berri zuen arrenezkutatu egin zituelako. «Biktimengan baino, egileengan jarri zuten arreta handiagoa», adierazi du Deetmanek, «eta haiek babestu zituzten». Txostenaren arabera, gehiegikeriak egiteko arrazoi nagusia ez da apaizen zelibatoa izan, baina eragina izan du, eta haiek egiteko arriskua areagotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.