Oker hazitako kimua

Lagun Aro Gipuzkoa Basketek aurrekontua murriztu behar izan zuen denboraldia hasi aurretik. Kirol apustuek ere kale egin dute, bai atzerritarren fitxaketan, bai gazteengan jarritako konfiantzan.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Oker hazitako kimua kostata loratuko da zuzen. Hori gertatu zaio Lagun Arori sasoi honetan. Denboraldi hasierako erabaki, murrizketa eta zalantzek sasoi osoa baldintzatu dute. Bigarren itzulian saiatu zen fitxaketa on pare bat eginez ziri bat lurrean sartu eta kimua hara lotzen, zuzentasunaren bila, baina ez zen aski izan. Liga bukatzeko bi jardunaldi falta direnean, mailaz jaitsita dago matematikoki eta bulegoak dira itxaropen bakarra. Baina zergatik? Arrazoi asko daude.

1. Aurrekoari ezin eutsi

Aurrekontu txikiagoa izatearen ajeak pairatu ditu taldeak. Gipuzkoako Aldundiak esana zion ez ziola diru laguntzarik emango —700.000 euro jasotzen zituen lehen—, eta guztira, milioi bat euro gutxiagokoa izan zen. Iragan sasoiko izarrei ezin izan zien eutsi: Andy Pankok eta Sergi Vidalek udan utzi zuten taldea eskaintza hobeen bila, eta Jimmy Baronek liga hastear zela. Aurrekontu murrizketarekin taldeak ezin izan zuen saskiratzaile nagusiaren soldata bere gain hartu eta hark ere agur esan zuen. Sito Alonsok jarraitzea ere ezbaian egon zen udan, hasieran kontratua ez luzatzea erabaki zuelako. Horrek ez zuen askorik lagundu giroa lasaitzen.

2. Amerikak egin gabe

Baronen soldatarekin AEBetako bi jokalari fitxatu zituen erasoko ardura hartzeko. Merkeago erosteak arriskatzera behartu zuen taldea. Qyntel Woods hegalekoa eta Chris Lofton eskolta hautatu zituen. Loftonek, bizkarreko lesio batekin, ez zuen partida bakar bat ere jokatu. Taldea saiatu zen haren lekua betetzen, Rihards Kuksiks, Jermaine Taylor eta Morris Finleyrekin, baina hiruretako inork ez zuen jarraitutasunik izan. Woodsena, berriz, kalitate handiko jokalari baten aldeko hautua izan zen, beste talde batzuetan jarrera arazoak izandakoa. Donostian ez du diziplina arazorik izan, baina hilabeteak behar izan ditu sasoia hartzeko. Hura izan da, halere, saskiratzaile nagusia, partidako 11,9 punturekin.

3. Gazteek ez dute pausoa eman

Iragan sasoiko izarrik gabe, taldeko zuzendaritzak itxaropen handiak zituen jarriak bi jokalari gaztek izan zezaketen bilakaeran: Raul Neto eta Iaroslav Korolev. Netok puntu asko sartu zituen lehen partidetan, baina sasoiak aurrera egin ahala itzaliz joan da. Korolevek, berriz, hamasei partida baino ez zituen jokatu. Iragan sasoiko lesio luzearen ondoren ez zuen lortu erritmo egokirik. Taldeak, halere, ez zuen beste pibotik fitxatu hura ordezkatzeko.

4. Hasiera kaskarra

Lehen 11 partidetatik bakarra irabazi zuen, eta lehen itzulian hiru baino ez. Urtarrilera hala iristea zama handiegia izan zen. Dena den, ez da kasualitatea zortzi partida bakarrik irabazi izana.Lagun Aro puntu gutxien sartu duten ligako bigarren taldea izan da, eta puntu gehien jaso dutenen seigarrena. Asistentzia eta errebote kopuruan eta biko zein hiruko jaurtiketa batez bestekoetan ere talde txarrenetakoa izan da.

5. Susperraldia...

Lehen itzuli kaskarraren ondoren taldeak susperraldia izan zuen. Merkatuan murgiltzeko diru askorik ez izan arren, bi jokalari on erakarri zituen: Ivan Paunic eta Morris Finley. Bi iritsi berriek izaera gehitu zioten multzoari, eta euren alboan Woods bereziki, Doblas, Salgado Ibekwe eta besteek euren jokoa hobetu zuten. Otsail erdi aldetik martxoaren bukaerara arte jokaturiko zazpi partidetatik bost irabazi zituen Lagun Arok. Oker hasitako bidea zuzentzeko garaiz zeuden, jaitsiera postuetatik ihes egiteko.

6. ...motz gelditu zen

Bolada ona hor bukatu zuen. Sasoi bukaerako egutegia oso gogorra zela bazekien Lagun Arok (Kanaria Handia, Real Madril eta Bartzelona), eta bigarren itzuliko erdi aldea garaipenak pilatzeko une egokia zen, aurkari zuzenen aurka, gainera. Bada ez, bost partida jarraian galdu zituen: Zaragoza, Cajasol, Valentzia, Obradoiro eta Kanaria Handia. Cajasolen aurkakoa izan zen gogorrena (77-75), mailari eusteko lehian zegoen beste talde bat zelako. Etxean jaso zuen porrota Lagun Arok, eta azken segundoko aldaratze baten erruz. Partida horietan aurkariek kate motzean lotu zuten Finley, eta haren joko biziak ustekabeko izateari utzi zion. Woodsek ere urrun izan zuen bolada oneko jokoa. Eutsi zion bakarrenetakoa Doblas izan zen, taldeko jokalaririk onena.

7. Aurkari zuzenen garaipen baliotsuak

Ligako azken txanpa jazarpen proba izan zen Lagun Arorentzat, eta Cajasol eta Fuenlabrada, aurkariak. Biak finago ibili ziren, Fuenlabradak, eta Lagun Aroren aurka galdu ondoren, martxoan lau garaipen lortu zituen jarraian eta tartea ireki zuen Donostiako taldearekiko. Cajasolen kasua desberdina da. Lehen itzuli lasairen ondoren argi gorria piztu zitzaion bigarren itzulian, eta apurka hondoratu egin zen. Baina une egokian eten zuen bolada, Lagun Arori eta Joventuti jarraian irabazita. Egun biek hiru garaipenen aldea dute Lagun Arorekiko, eta liga bukaera lasaia.

8. Zintzoaren saria

Lagun Arok zentzuz jokatu du sasoi osoan, ez zuen dirurik gastatu gabe. Ez du zorrik, inork ez ditu salatu behintzat, eta bada zerbait, hainbat informazioren arabera ACBn zazpi talde daudelako bakarrik egunean ordaintzen dutenak. Bere burua ez zorpetzeak eragin positiboa izan dezake, dena egunean izanda bulegoetan lor baitezake mailari eustea. Plangintzan agian ez du asmatu, baina bulegoetako lan serioak merezi du ACBn jarraitzea. Ekainaren 15ean jakingo du non jokatuko duen heldu den sasoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.