Zan Tabakek ez du jarraituko Laboral Kutxan

Taldeko zuzendaritzak oraindik ez du ziurtatu zein izango den entrenatzailea hurrengo denboraldian

Zan Tabak, jokalari bati argibideak ematen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Laboral Kutxa azken urteetan jarraitu duen edozeinek aurreratu zezakeen albistea zen, baina taldeak atzo baieztatu zuen. Zan Tabakek ez du jarraituko Gasteizko taldeko entrenatzaile postuan. Baskoniak ACBko kanporaketetan emaniko itxura kaskarrak teknikaria kondenatu du, eta hura izango da taldea uzten aurrenekoa. Atzo bildu zen taldeko buruekin, eta martxoaz geroztik beste sasoi baterako akordioa hitzartua izatea ez da nahiko berme izan. Zuzendaritzak oraindik ez du zehaztu zein izango den entrenatzailea heldu den sasoian.

«Porrot handia», «hondamendia» eta antzeko hitzekin deskribatu zuen Josean Kerejeta Laboral Kutxako presidenteak taldea ACBko final-laurdenetan kanporatua izana. Taldea erlaxatu izana salatu zuen, eta, zeharka bada ere, taldea kudeatzen duenarengan jarri erantzukizuna. Azken partidaren ondoren Zan Tabakek emaniko prentsaurrekoak ere agur tonua izan zuen. Hark ere bazekien Gasteizko egunak bukatuak zirela. Zuzendaritzak egun batzuk itxaron du, eta, Tabakekin hitz egin ondoren, patroia aldatzea erabaki.

Iragan azaroan Dusko Ivanovic ordezkatzeko taldera iritsi zenetik, Tabaken aroak argi-ilun asko izan ditu. Haren alde, estatistika: 53 partidatan zuzendu du Baskonia, eta 34 irabazi ditu, tartean hamazazpi jarraian. Taldea Euroligako bigarren fasean sartzeko miraria lortu ondoren, final-laurdenetan sartu zuen, eta kanporaketetan lanak eman zizkion CSKAri. ACB liga ere bigarren postuan bukatu zuen. Ilunak, berriz, aldagela kudeatzeko arazoak izan ditu, jokalari askorekin egin baitu talka, eta batez ere Kanaria Handiaren aurkako kanporaketa. Jokalariak suspertzeko ezina erakutsi zuen, eta izaera falta oso garesti ordaintzen da Buesa Arenan. Kanporaketa horrek hainbat jokalariri ere atea irekiko die. Zurrumurruen arabera, Walter Hodge antolatzailea eta Lamont Hamilton pibota taldetik gertu daude. Taldea utziko dutenen, artean, Omar Cook ziurtzat jo daiteke.

Entrenatzaile kargurako ere hasi da izen dantza webgune berezituetan. Dena den, Laboral Kutxaren aulki batek duen ardura mailak hautagai zerrenda murrizten du. Sergio Scariolo eta Neven Spahija, taldearen lagun zaharrak, talderik gabe daude. Kroaziarrak sasoi osoa egin du zuzendu gabe. Sito Alonsok Lagun Aron jarraituko duen ala ez zehazteke dago, eta jakina da taldearen gustuko izena dela. Jure Zdovc izan daiteke estalitako aukeretako bat, Olimpija Ljublianan sasoi onak egin ondoren egun San Petersburgon dagoen arren. Joan Plazak ere Zalgiris utzi du, baina badirudi Unicaja Malagarekin akordia egina duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.