Andrazkoen sormenaren lekuko

Hamabi autoreren artista liburuak eta beste hainbat obra ikusgai daude Arteko galerian, Donostian
Apirilaren amaierara arte egongo dira lanak ikusgai Artekon.
Apirilaren amaierara arte egongo dira lanak ikusgai Artekon. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Odei Irigoien Aizpitarte -

2013ko apirilak 9
Donostiako Arteko galeriak hamabi andrazko autoreren artista liburuak eta beste hainbat obra bildu ditu, Artisten liburuak erakusketan. MAV Andrazkoak Ikusizko Artean erakundearen Andrazkoen begiradak programaren barruan antolatu dute erakusketa. Gaiak askotarikoak dira, baina andrazkotasunaren aldarrikapena nabaria da sexualitateari eta gorputzari erreferentzia egiten zaion lanetan, esaterako. Hilaren amaierara arte egongo dira ikusgai artelanak.

Cristina de la Fuente galeriako arduradunak azaldu duenez, artisten liburua genero edo diziplina bereizia da artegintzaren barruan. Egungo tramankulu berriek, hala nola liburu digitalek, liburuaren ohiko formatua desagertzera daroate, haren aburuz. Artisten liburuei dagokienez, bestela izan behar dela uste du; artisten eguneroko intimotzat jotzen ditu artisten liburuak, gehienetan ale bakarrak izaten direnak. De la Fuentek argitu duenez, arte garaikidearen sorreratik eman zaio presentzia obra mota honi.

Artista gehienek euren bozeto eta ideiak biltzen dituzten liburuak jarri dituzte ikusgai. Hainbat teknika eta material erabilitako margolanak dira gehienak, baina badira collageak, eskulturak eta bestelakoak ere. Juncal Ballestinek obra bakarra ipini du. Orri lodi, txuri eta bigunezko liburu bat egin du, luma bat lagata gainean, artista liburuei samurtasuna emanez nolabait. Marrazki koloretsuko liburua osatu du Isabel Herrerak, animalien, pertsonen eta beste hainbat elementuren irudiekin. Orrialde bakoitzean sonoritate bereziko esaldiak ere idatzi ditu.

Esperanza Zabala artistak oharrez eta bozetoz beteriko koaderno txiki bat jarri du erakusketan. Bere kontaktuak, ideiak, horretarako beharko dituen materialak eta sortze prozesuaren nondik norakoak erakusten dizkio hor ikusleari. Horrez gain, hainbat marrazki jarri ditu. Naturako paisaiak egin ditu, non zuri-beltza nagusi den, paisaia elurtuak iradokiz. Dora Salazarrek bi liburu jarri ditu: Erroma hiriko paisaiak biltzen ditu baten orrialdeetan, eta Goyaren munstroei omenaldia izendatu duen bestean giza irudien bozeto odoleztatuak daude batez ere.

Betty Edwards psikologoak garunaren eskumako hemisferioak sormenarekin daukan loturari buruz ikerketak egin zituen; horietatik abiatu da Pilar Soberon hainbat marrazki egiteko. Pepa Ugartek bost artista liburu dauzka erakusketan. Besteak beste, mojei eskaini die bat, eta Sor-gina eta Sor-presa bezalako hitz jokoak eta marrazkiak harilkatu ditu.

Mari Jose Rekalde, Mari Puri Herrero, Martina Dasnoy, Luisa Chillida eta Marta Cardenas dira erakusketan obrak jarri dituzten beste artistak. Margotzeko hainbat material eta teknika erabili dituzte, baita serigrafia eta bestelako moduak ere.

Berdintasun legea eta artea

Andrazkoen Begiradak programaren barruan beste hainbat erakusketa ere antolatu ditu MAV-ek, Espainiako hainbat erkidegotan. Hego Euskal Herrian hamairu antolatu ditu andrazkoen lanekin. Arteko galeria MAV erakundeko partaidea da; bertan egin zen Euskal Autonomi Erkidegoan erakundearen aurkezpena duela urte bi. 2007an onartu zuen Espainiak Berdintasunerako Legea. Arteari dagozkion eremuetan hori betetzen ez dela eta, salaketa egitea eta andrazkoen obren presentzia bultzatzea dira MAVen helburuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna