Babes baldintzagabea eskertuz

George Michaelek bere abestirik ezagunenak emango ditu BECen gaur, orkestra sinfoniko batez lagunduta

Irune Berro Urrizelki.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Jarraitzaileen leialtasuna» eskertu nahi du George Michaelek (Londres, 1963) gaur BECera ekarriko duen Symphonica: TheOrchestral Tour birarekin. «Zale askok ez lukete zortzi urtez itxarongo diskotik diskora, ezta zuzeneko bat ikusteko ere», adierazi du musikariak. Aurki aterako du disko berria. Baina, lehenago, aspaldiko abestiekin gozaraziko ditu zaleak. Eta bere errepertorioko piezarik esanguratsuenak eskaintzeaz gain, beste artista batzuen lanen bertsioak ere abestuko ditu, orkestra sinfoniko batek lagundurik. Hiru urteko isilunearen ondoren, abuztuan hasi zuen bira Michaelek. Eta, denera, 47 kontzertu emango ditu, Europako hamabost herritan, tartean Euskal Herrian gaur eskainiko duena.

Azkeneko urteetan, musikaz haraindiko gaiengatik izan da albiste Michael. Behin baino gehiagotan atxilotu dute, eta orain urtebete aldi baterako kartzelatu egin zuten, drogen eraginpean gidatu eta autoarekin saltoki bat jotzea egotzita. Michaelek dioenez, badu gogoa bere ibilbidea berriz hartzeko. «Denbora asko dut berreskuratzeko».

80ko hamarkadaren hasieran dastatu zuen aurrenekoz arrakastaren zapore gozoa, Andrew Ridgeley aspaldiko lagunarekin osatutako Wham! taldearekin 1983an Fantastic diskoa kaleratzean. Bigarren diskoarekin, Make It Big-ekin Erresuma Batuko mugetatik haraindi hedatu zen Wham!-en oihartzuna. Wake Me up before You Go Go, Freedom, Everything She Wants eta Careless Whisper ezagunak disko hartakoak dira. Wham! 1986an desegin zuten, aurrez ordura arteko abesti onenen bilduma, The Final izenburukoa argitaratu ostean. Azken kontzertu bat ere eman zuten, mukuru beteriko Londresko Wembley estadioan.

Beste estilo bateko musika egiteko irrika zuen Michaelek, ikus-entzule ustez sofistikatuagoentzat. Eta bere bakarkako ibilbideko lehen agerraldi artistikoa Aretha Franklinekin egin zuen, I Knew You Were Waiting (for Me) proiektuaren barruan.

Hainbat artista ezagunekin partekatu du agertokia geroago. Elton Johnekin, esate baterako,behin baino gehiagotan interpretatu ditu Don't Let the Sun Go down on Me, Nikita eta Wrap Her up.

Bakarkako bere lehen diskoa 1987ko udazkenean atera zuen: Faith. Eta harekin batera beste itxura bat ere aurkeztu zuen. Egun batzuetako bizarra, belarritako, eguzki betaurreko eta galtza estuekin azaldu zen jendaurrera, eta Atlantikoko alde bietan izan zuten harrera bikaina haren lanak zein itxura eraberrituak.

I Want Your Sex polemikoa izan zen disko hartako lehen abestia, eta zentsurarekin izan zituen arazoek ere ez zuten eragotzi kantu entzunenetako zerrendetako lehendabiziko postuetan sailkatzea.

Homosexualitatearen militante gisa definitu dute askok Michael, kantu eta bideoklip askotan erakutsitako jarrera argi eta ageriagatik. Eta, horregatik, edo ezagun izateak baduelako ere alderdi txarrik, bere bizitza pribatuari buruzko azalpen bat baino gehiago eman behar izan du maiz.

Nolanahi den, zaleen baldintzarik gabeko babesa duen artista da George Michael, hiru hamarkada luzaz munduaren luze-zabalean ehundik gora milioi disko saldu dituena. Eta BECera lan horietako bakoitzetik onena emateko promesarekin iritsiko da.

21:30ean hasiko da kontzertua, baina lehenago irekiko dituzte BECeko Bizkaia Arena pabiloiko ateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.