Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

'She is very talented'

2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Duela bi urte New Yorken izan nintzen hilabetez. Bizitzako kasualitateei esker, hango punk giroan oso sartuta zegoen tipo bat ezagutu nuen, eta hainbat kontzertutara joan nintzen beraren eskutik. Harritu egin ninduen zuzenean entzun nituen nesken talde kopuruak, eta talde politizatuak ziren, gainera: elastiko feministak edo riot grrrl taldeenak janzten zituzten, hitzak ere halakoxeak ziren, diy filosofiaren arabera funtzionatzen zuten. Agertoki gainean performatzeko orduan ere, hain urduri jartzen nauten rockero gogorraren eredutik aldentzen ziren, pose matxoak alboratu edo modu ironikoan berregiten zituzten. Hango ikusleen testosterona maila baxuak ere harritu ninduen, bereziki gizonen artean. «She is very talented» zen nire lagunak gehien errepikatzen zuen esaldia. Nabaria egin zitzaidan riot grrrl mugimenduak han izan zuen eragina; feminismoa haien musikagintzaren lehen planoan jarrita, normalizatuta zeuden zenbait jarrera kritikatuz eta haien aurrean ekintza zuzena erabiliz, normaltasunez ari zirenen kritikak indargabetuz, aurrerapausoak egin zirela iruditu zitzaidan.

Ziur hango feministak ez direla nirekin ados egongo. Nik ikusi ez nituen alde ilun guztiak erakutsiko zizkidatela hau irakurriko balute, egiteko dituzten guztiak zerrendatu; eta eskerrak. Baina Euskal Herriarekin alderatuta, paradisua iruditu zitzaidan. Bueltan betikoa aurkitu nuen: emakume gutxi taldeetan, pose eta jarrera matxoen normaltasuna, ikuspegi feministaren falta. Hemen denak gara feministak hitzez, baina ez da egoera zalantzan jartzen.

Horregatik hartu dut pozez Emarock izeneko elkarte bat sortuko dela jakiteak. Informazio askorik ez dago haiei buruz, eta batek daki nondik joko duten. Haien erabakia da, jakina. Baina egoerari buelta eman nahi badiogu, beharrezkoa da musika feminismotik berriz pentsatzea, egoera normalizatuak zalantzan jartzen hastea, bestelako giroa izango duten kontzertuak proposatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.