EH Baik ez du zerrendarik aurkeztuko Europako hauteskundeetara

Lehentasuna ematen dio hiru alderdi abertzaleek osatzen duten mugimendua sendotzeari herrietan
Duluc, Lopepe eta Etxeberri-Aintzart, atzo.
Duluc, Lopepe eta Etxeberri-Aintzart, atzo. SYLVAIN SENCRISTO

Aitor Renteria -

2014ko maiatzak 7
EH Baik ez du zerrendarik aurkeztuko Europako hauteskundeetara, ez du hauteskunde koaliziorik eginen bertze talde politikoren batekin, eta ez du bozkatzeko agindurik emanen. Horrela azaldu zuten atzo Philippe Dulucek, Anita Lopepek eta Peio Etxeberri-Aintzartek. Martxoko herriko bozetan ezker abertzaleak lortutako emaitzak bikainak izan direla ondorioztatu zuten, eta militanteek kanpainan utzitako energia handia aipatu zuten. Hori dela eta, EH Bai egituratze prozesuari ekitea hobesten du epe labur eta ertainean, koalizio izaera gainditu eta mugimendu sendoa bihurtzeko asmoz.

«Josu Juaristi EH Bilduko ordezkaria izanen da Euskal Herriaren ordezkaria Europan, eta, ondorioz, gurea ere bai», erran dute bozeramaileek. 2004 eta 2009an, EH Bai osatzen duten alderdiek —EA, AB eta garaian Batasuna— hautu ezberdinak egin zituzten boza eskatzeko garaian. Orduan osatu ziren koalizioetan parte ez hartzea deliberatu dute alderdi abertzaleek.

Joan den udazkenean EA, AB eta Sorturen Biltzar Nagusiek mozio bat onartu zuten, EH Bairen koalizio izaera gainditu eta mugimendu zabala bihurtzeko xedez. Prozesu hori era parte hartzailean burutu nahi dute, jendeen ekarpenak suspertu eta haien iritziak eskatuz.

Urturik Frantzian

Europako hauteskundeetarako zortzi barrutitan banatzen du Frantziak lurraldea, eta Ipar Euskal Herria Hego-mendebalde handia deritzon eskualdean urturik dago. Biztanle kopuruari dagokionez ere, ezinezkoa litzateke ordezkaririk lortzea edota kanpainak xahututako dirua eskuratzea.

Ipar Euskal Herrian ezinezkoa den arren, EH Bildu Herriak Erabaki zerrendan dagoela nabarmendu du EH Baik. «Gure proiektua ez da estatu-nazioen Europa, herrien europa baizik. Horregatik, nahiz eta estatuaren barrutian ordezkaritzarik ez ukan, Euskal Herriak ukanen du ordezkaria, eta nazio garen mementotik, Juaristi izanen da Euskal Herri osoaren ordezkaria Europan».

Europako Parlamentuan ere aldatzen ari da alderdien arteko harremana. Azken hauteskundeetan, adibidez, elkarrekin joan ziren Region et Peuples Solidaires (EA horren barruan) eta Europe Ecologie-Berdeek. Azken horiek, ordea, ez dute hitzarmena berretsi nahi izan. Estaturik gabeko nazioek gero eta ordezkaritza handiagoa ukanen dutela erran du EH Baik.

Hauteskundeetan zerrendarik ez duen arren, EH Baik ekitaldi bat eginen du Ipar Euskal Herrian. Oraindik ez du eguna zehaztu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna