Sindikatuek langile eskasiarekin lotu dituzte Lanbideko azken erasoak

Bilboko Errekaldeko bulegoari ostiralean su emateko saioa egin ondoren, langileek protesta egin dute

Langile eta sindikatuetako ordezkariak, atzo goizean, Errekaldeko bulegoaren aurrean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Haserre daude Lanbideko langileak. Urteotan lana pilatu zaie, gero eta langabe gehiago izateari batu zaielako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa beren esku geratzea. Erabiltzaile kopuru horri ongi erantzuteko nahiko langilerik ez dutela uste dute, eta horrekin lotu dute joan den ostiralean herritar batek Bilboko Errekalde auzoko bulegoari su ematen saiatu izana, laguntzarik ez zuelako. Eraso hori salatu zuten atzo goizean bulego horren aurrean, eta neurriak hartzeko eskatu zieten agintariei.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek jakinarazi zutenez, 17.000 pertsona ibiltzen dira egunero Lanbideko bulegoetan. Errekaldekoari dagokionez, 1.000 pertsona inguru igarotzen dira. Hala eta guztiz ere, Lanbiden kaleratzeak izango direla gogoratu, eta bulego batzuetan langileria %30 murriztuko dela nabarmendu zuten. Errekaldeko bulegoan, hamar langiletik bat kentzeko asmoa dute. Joseba Izaga LABeko ordezkariaren arabera, administrari gutxiago egonda, ilarak handiagoak izango dira, eta tramiteak egiteko epeak atzeratu daitezke. Horrek herritarren amorrua are gehiago handitzeko arriskua du.

Edonola ere, sindikatuek azaldu nahi zuten atzokoa ez zela erabiltzaileen aurkako protesta bat. Elkartasuna adierazi zieten bai langabezian aurkitzen diren erabiltzaileei, bai langileei. «Bulegoetan dagoen jendea langileak besterik ez dira, eta ezetzak jasotzen dituzten pertsonek ulertu behar dute erabakia ez dela aurrez aurre daukaten langilearena, erabakia goitik hartuta dago. Hortaz, erabakien benetako kudeatzaileak inoiz ez dira leihatiletan lanean egongo», azaldu zuen Izagak.

ELAk ere administrazioari neurri egokiak hartzeko eskatu zion, mota horretako ekintza «arbuiagarriak» berriro gerta ez daitezen. Era berean, negoziazio mahaiaren gainean segurtasun neurriak eta arriskuen prebentzioa jarri behar direla uste du. Jon Landeta ELAko ordezkariaren esanetan, «ekonomia eta gizarte larritasun egoera batean gaude, eta ez daude neurri nahikoak etsita dauden pertsona horiei harrera egokia egiteko».

LAB sindikatuak gogoratu duen moduan, duela hamabost hilabete, beste erabiltzaile batek Lanbideko langile bat arma batekin mehatxatu zuen, Errekaldeko bulegoan bertan. Eraso horiekin egoera «jasanezina» denez, berehalako aldaketak eskatu zizkioten administrazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.