Soslaia. Laurent Gbagbo

Irabazi edo irabazi

2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Boterean jarraitzea beste aukerarik ez zuen burutan Laurent Gbagbok (Gagnoa, 1945) azaroko hauteskundeetan. Irabazi edo irabazi lelopean egin zuen kanpaina, eta hitza bete zuen. Hautestontziek aurkakoa bazioten ere, berak irabazi zuela aldarrikatu baitzuen. Atxilotu duten arte bere garaipena defendatu du.

Burugogorra dela diote gertukoek, eta helburuak betetzeko edozer egiteko prest dagoela. Gaztaroan, ezkerreko ideiak defendatu zituen, eta demokrazia aldarrikatu zuen Felix Houphouet Boigny presidentearen alderdi bakarreko agintaldi luzean —1960tik 1993ra—. Kartzelara bidali zuten 1971n, «ordenaren aurkako» irakaspenak emateagatik. Baina, Gbagbok, burugogor defendatu zituen askatasunaren printzipioak eta kartzelatik irtetean ere alderdi aniztasuna exijitzen jarraitu zuen. Baita bere ideiengatik Parisen, erbestean, sei urte eman ondoren ere. Irabaztea baitzen helburua. Orduko hartan, baina, xedea Boli Kostan demokrazia lortzea zen.

Gerora, helburua aldatu zuen. Nazionalismorako joera hartu zuen, eta xenofoboa izatea ere leporatu zioten. Batik bat, 1990eko hauteskundeetan, Henri Konan Bedierekin—Houphouet Boignyren ondorengoa— bat egin zuenean, Alassane Ouattarak hauteskundeetan parte har ez zezan. Haren gurasoak bolikostarrak ez zirelako ukatu zioten parte hartzea. Aldatu egin zela leporatu zietenei betaurrekoak aldatzeko erantzun zien. Izan ere, irabaztearren guztia ematen jarraitu zuen. Baina garaipena boterera heltzea bilakatu zen Gbagborentzat. Azkenhilabeteotan boterea ez uztea bilakatu du helmuga. Horretarako, edozer egiteko prest dagoela erakutsi du, baita herrialdea gerra anker batera bideratzeko ere. Azkenik, irabaztearren, guztia galdu du Gbagbok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.