Fidatzeko modukoa

Mikel Beroizek hiru aldiz jokatu du binakako txapelketan, eta hiru aldiz sartu da finalerdietan. Uda txar eta udazken lanpetuaren ondoren, berriz ere fidel zaio urteroko lehiari.

Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Kazetariak Oinatz Bengoetxeari. Astelena pilotalekuko kontrakantxan. Mikel Beroizi buruz, alboan dute: «Horrekin negozioa lasai asko jar daiteke». Leitzarrak berehala erantzun du puntua: «Bai, bai, fina da hori! Fidatzeko modukoa. Langilea da». Bengoetxeak ez du kidearekiko miresmena ezkutatu. Azken hilabeteetan, gainera, are gehiago estutu dute euren harremana, eta elkar hobeto ezagutzen dute. Lan fisikoa elkarrekin egiten dute, eta kilometro asko partekatu dituzte binakakoaren eraginez. «Astean askotan elkar ikusten dugu», azaldu du Beroizek (Uharte, Nafarroa, 1989), «ia-ia neska-laguna baino gehiago ikusten dugu elkar. Asko hitz egiten dugu, konfiantza handia dugu».

Beroizek 23 urte ditu, eta bost urte baino ez daramatza profesionaletan. Ez du sortzen Zabaleta, Merino edo Albisuk adinako ikusminik. Lan grisa da berea, baina bere ibilbide motza oparoa ere bada, gazirako eta gozorako. Hiru aldiz jokatu du binakako txapelketa, eta hiruretan sartu da finalerdietako ligaxkan —2010ean Irujorekin, iaz Olaizola II.arekin eta aurten Bengoetxearekin—. Finala, halere, behin baino ez du jokatu, eta hura azken unean Barriola ordezkatuz izan zen. Horrez gain, enpresa aldaketa bat ere bizi izan du, eta Asegarceren aldeko apustuak mesede egin dio. Aspeko azken urtean ez zen binakakoan sartu; orain, aldiz, ondo finkatua du postua.

«Orain arte ondo moldatu izan naiz ligaxketan», onartu du xume, baina berak bakarrik jarraitu du diagnosiarekin, «finalerdietan, baina, ez dut zorterik izan. Finalerdietan presioa sumatzen duzu, eta arantza hori sartuta daukat. Hori bai, argi dut Oinatzek eta biok tanto bakoitza borrokatuko dugula». Borroka hitza topiko bilakatu da kirolean, baina Bengoetxea eta Beroizentzat eguneroko kontua da. Ligaxkan, partidak gogortu eta sufritzeko duten ahala ikusi da. Hiru partida irabazi dituzte 22-21, eta eta beste bi 19-22 eta 20-22 galdu.

Binakakoan sartzeko bidea, baina, ez da erraza izan. 2012a ez zen urte ona izan. Binakakoaren finalerdietan sartu, eta eskua birrindu zuen. Ondoren etorri zen geldialdia eta sasoia hartzeko komeriak. Buruz burukorik ez zuen jokatu, eta udan, torneo bakarra, Gasteizen, eta lehen partidan kanporatu zuten «Gogorra izan zen. Bi hilabete geldirik lehenbizi, gero hiru batere fin egon gabe. Abendura ondo iristeko lan egin nuen —lau t'erdikorik ere ez zuen jokatu—, hori zen nire ilusioa, eta lortu dut. Une txarrek are gogorrago egiten zaituzte».

Eskarmentuak ere irakatsi dio. Beroizen aurpegia harrian zizelkatua izan dela dirudi, eta beteranoek bezala hitz egiten du. «Denak irakasten dizu», laburbildu du, tarte motzean pilotan gauza asko bizi dituenaren jakinduriaz.«Iazkoak irakatsi zidan gehien. halako txapelketa batean, eskua ondo ez badago, onena partida bertan behar uztea da, bestela, gero ordain dezakezu». Hala egin zuen ligaxkako azken-aurreko jardunaldian, eta, dioenez, orain eskuak ondo ditu. Zuhurtziak ere egiten du fidagarri.

Sarrera salmenta, «motel»

Bengoetxea VI.a-Beroizek eta Berasaluze II.a-Albisuk atzo aukeratu zituzten asteleheneko finalerdietako partidarako pilotak, eta ez zuten inolako kexurik izan. Bengoetxea-Beroiz kexatu egin ziren joan den astean, baina atzo gustura gelditu ziren. Sarrera salmentari dagokionez, albisteak ez dira hain onak, Aspek dioenez, enkarguak «oso astiro» doazelako. Ez da erabat beteko, baina Eibarko enpresan uste dute azken orduko salmentek itxuratuko dituztela harmailak. Astelenara doan pilotazalea ez da enkargu egin zalea izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.