Bankiaren 'negozioa'

Akzioak 1,51 euroan saldu ditu Espainiako Gobernuak; bikoitza beharko luke diru guztia berreskuratzeko

Jose Ignacio Goirigolzarri, Bankiako presidentea. EMILIO NARANJO / EFE.
Ivan Santamaria - Iker Aranburu
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bankuen erreskatearen zama astuna pixka bat arintzeko, lehen urratsa egin zuen atzo Espainiako Gobernuak. Aurreko banku nazionalizatuak ia-ia doan (eta saneatuta) entregatu ondoren, 1.304 milioi euro sakeleratu zituen atzo, Bankiaren akzioen %7,5 inbertitzaile handiei salduta. 136 milioi euroko irabazia izan zuela ere esan zuen, pagatu ziotena (1,51 euro akzioko) berak ordaindu zuena baino gehiago izan zelako (1,35 euro). Baina hain negozio ona izan da?

Hasteko, argazki orokorra. 2012. urteko maiatzean, Bankia nazionalizatu zuen Espainiako Gobernuak. Zehatzago esateko, Bankiaren akziodun nagusia bereganatu zuen: Banco Financiero y de Ahorros sozietatea (BFA). Horretarako, bankuak berregituratzeko FROB funtsa baliatu zuen. Orotara, 22.424 milioi euro jarri dira finantza erakundea erreskatatzeko; diru publikoa guztia, zergapekoena.

Salmentaren aurretik, BFAk Bankiaren jabetzaren %68 kontrolatzen zuen. Orain, %60,89rekin geratu da. Alegia, gehiengo osoa izango du oraindik ere. Interesgarriena, ordea, jarritako diru publikoa berreskuratzeko aukera izango den edo ez argitzea da. Atzo iragarritako operazioaren ondotik, oraindik ere 21.120 milioi faltako lirateke. Gobernuak, FROBen bidez, oraindik ere 7.013.472.545 akzio ditu zorroan. Horrek esan nahi du akzio horiek gutxienez hiru euroan saldu beharko direla, diru guztia berreskuratzea bada helburua, behintzat.

Beste zati bat aurki

Posible dela uste du Bankiak berak, batez ere lehen salmentaren emaitzak ikusita. Hurrengo hilabeteotan beste zati bat salgai jarriko dutela iragarri du Luis de Guindos Espainiako lehen ministroak, baina urtearen amaieran artean %50ari eutsiko diotela onartu du. Gehiago eta hobeto saldu ahal izateko, Bankiak bere egoera sendotu beharko du. 2012an 19.000 milioi galdu ondoren —inoiz Espainiako enpresa batek urtebetean galdutako kopuru handiena—, iaz irabazietara itzuli zen, 510 milioirenak. Baina irabazi horien zatirik handiena finantza operazioei dagokie, hau da, parte hartze industrialen salmentari, edo Espainiaren zor publikoa EBZren doako maileguekin erosteak dakarren irabazi bizkorrari (carry trade izenekoa).

Bankiaren pribatizaziotik diru guztia berreskuratzen ez bada, bankuen erreskateak utzi duen galerari gehituko zaio. Faktura osoa zein izan den jakiteko oraindik faktore asko falta dira, baina honezkero, galduta dauden eta berreskuratuko ez diren milioi asko dira. Esaterako, Novagalicia Bancoren erreskatean eta salmentan, 8.000 milioi euro galdu ziren. Catalunya Bancen ere 12.000 milioi eurotik gora jarri ziren, oso diru gutxi berreskuratzeko aukerarekin. Banco de Valenciarekin edo CAMekin galera handiak pilatu ziren, halaber.

Espainiako Gobernuak finantza erakundeak erreskatatzeko akordio bat sinatu zuen troikarekin. Guztira, 42.000 milioi euro hartu zituen maileguan. Diru hori guztia bueltatu arte, gainean izango du Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako troikaren ikuskaritza. Zeharkako laguntzak aintzat hartu gabe —bonuei emandako bermeak eta antzekoak—, bankuen kapitala indartzeko dirutan 63.500 milioi euro publiko erabili dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.