Kantxarik zailenera

Bera Berak Larvik liderra bisitatuko du gaur, Txapeldunen Ligako ligaxkako laugarren jardunaldian

Bera Berako Ana Isabel Martinezek —irudian— ez du gaur jokatzerik izango, min hartuta baitago. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako ligaxkako partidarik gogorrena jokatuko du gaur Bera Berak Norvegian, Larviken aurka (19:30). Laugarren jardunaldian, sailkapeneko lehen postuan dagoen taldea izango du aurrez aurre. Ez da aurkaririk aproposena Europako lehen puntuak eskuratzeko, Donostian jokaturiko partidan Larvikek argi erakutsi baitzuen zergatik izan zen iaz Txapeldunen Ligako txapeldunorde.

Imanol Alvarezen taldea, ordea, konfiantzarekin iritsiko da liderraren etxera Ohorezko Mailan Castelldefelsen etxean lorturiko garaipen garrantzitsuaren ondoren. Partida gogorra jokatu zuten Bera Berako jokalariek, fisikoa oso, eta gaur nekea nabaritu dezakete. Donostiako taldeak hegazkinez egin zuen bidaia atzo, eta Alvarezek ez ditu jokalari guztiak erabili ahal izango Ana Isabel Martinez min hartuta baitago.

Txapeldunen Ligako ligaxkako lehen itzuliko partidan, duela bi aste, Larvikek 17-27 irabazi zuen Gaska kiroldegian, estutasun handirik gabe. Bi taldeen arteko alde fisiko zein taktikoa agerian gelditu zen. Larvik, gainera, are sendoagoa da etxean, aurtengo Txapelketan etxean jokatu duten partida bakarrean, 34-18 irabazi zion Podravkari.

Datu horiek ikusita, eta Larvikek pabiloia betetzen duela jakinda, Bera Berak itxura ona eman eta orekari ahalik eta gehien eustea izango du helburu. Galduz gero, Donostiako taldeak matematikoki galduko luke hurrengo faserako sailkatzeko aukera. Dena den, ez da hondamendia, eskarmentua eskuratzea baitzen Bera Beraren helburu nagusia aurtengo Txapeldunen Ligako partidetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.