Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Betor

2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Denok sentitu dugu lanik ezaren itzala, edo hagintariek mugikortasuna esaten dioten horrena, lan baldintza eskasagoak, kontratu motzak, hitzarmenik ez, segurantzia batere gabe ekitea lanari egunero, eta nork bere burua etorkizunean ikusi ezinak denbora putzuan ito ditu gerorako asmoak, eta denbora galdua bihurtu zaigu etorkizuna. Baina sentimendu hori, denona izan arren, banakakoa da erabat, eta batek lana lortzeko egiten du borroka, bere buruaren eta besteren kontra, edo bere lanari eusteko, eta konpetentzia giro horretan, elkarren arteko norgehiagoka etengabean, arazo guztiak indibidualak bilakatu dira, eta ez dago nortasun kolektiborik.

Eta banaka etorkizunik ikustea ezinezkoa egin bada, nola egiten du herri batek bere burua geroaldira proiektatzeko, bere asmoei egitura ematen saiatzeko?

Beharbada ez dugu asmorik, ezertarako, batere, eta lasaitu ederra hartu dugu etorkizunik ez dagoela ikusita, datorrela nahi duena, moldatuko gara, eta etorkizunak atzizkian izan beharrean indarra, eginkizunean, erroan du orain, etor, beti erroak, eta etorri egingo dela esaten du etengabe, etortzekoa dela behintzat, egoteko zain.

Beharbada ez dugu asmorik, hurrengo hauteskundeen zain egotea besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.