Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Leun

2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Orain hemen zaude, azkenean, Belle & Sebastian entzuten euriaren ostean, eta Sleep the clock around kantua hasten den bezala hasi nahi nuke idazten, leun eta goraka, hegan hasi arte begiak itxita, alboan zu zaudela imajinatuz, eta hegan eginez gero, begiak beteta, alboan zu zaudela ohartuta. Ez dakit zenbat gauza gertatu zaizkidan hiru urtean, bizi osoan, baina dudarik gabe zu zara onena, esango nizuke gustura, aldearekin, baina ez dizut ezer esaten, zerura begiratzen dut lipar batez, gero zuri begietara, zigarro bat pizten dizut, eta dantza egiten dut, leun eta goraka, hegan hasi arte.

Orain hemen nago, azkenean.

Kontatuko dizut non ibili naizen, zer izan diren hiru urte hauek, egunero idatzi beharrak salbatu nauela uste dut, neure hondarrak batzeko lana izan da, izango naizena erabakitzekoa, eta erabaki dut jada. Orain hemen nago, orain hemen zaude, azkenean. Eta egia esanda, beste guztia ez zait gehiegi axola. Kantuan egin nahi dut orain, ozen, alai, leun eta goraka. Pasatu da dena, pagatu ditut zorrak, denak pozik daude etorri izanaz, kantatzen du Belle & Sebastianek, topatu duzu azkenean zure lekua, hara zoaz, han badaukazu zeure buruari begiratzea, eta lo geratzea eternitate batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.