Iritzia

Birika absurdo horiek

2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Aitaren eraginez, Camusen literatur eta saiakera lanetan behin eta berriz ageri da heriotza-zigorra. Aita ez zuen ezagutu, hamaika hilabete zeuzkan lehen mundu-gerran absurdoki hil ziotelarik. Heriotza-zigorraren aldekoa zen, baina behin batean kondenatu baten dekapitazioa zuzenean ikusi, etxera joan eta goitika eta goitika aritu zen; aurrerantzean, semeari kontatuko ziotenez, heriotza-zigorra ez dela zigor bat aplikatzea errepikatuko zuen, baizik gorputz bat birrintzea, horixe ikusi baitzuen, «lege» eta «justizia» kontzeptuak gorabehera. Semea ere ikusitakoaz fioko zen, inoiz ez gogoeta hutsaz: «Justizian sinesten dut, baina justiziaren gainetik defendatuko nuke nire ama».

Hamazazpi urte zeuzkala tuberkulosia diagnostikatu zioten eta medikuei entzun zien ez zela luzaro biziko. Akidura, sukarra, itolarria, odol-karkaxak… heriotza biriketan zeramalako izango zuen beti hain presente. Aita hila, ama goibel analfabeto erdi gor-mutua, osaba atzeratua, amonaren jipoiak…Bizitza absurdoa da, erabaki zuen. Suizidatu ala ez, horixe izan zuen kezka nagusi; horixe zitzaion filosofiaren funtsezko galdera.

Ausardiagatik goraipatzen dute aspaldion Camus, bere lagunengan gailen zebiltzan ikuspuntuak salatzeagatik, jakin arren bazterkeria nozitu beharko zuela. Antzeko zemaia zerien Sartreren eta Stalini fidel zitzaizkionen irainei Camusen aurka, eta Agustin Ibarrolak Juan San Martini botatakoei, sobietarrek Hungaria tankez estaltzea kritikatzeagatik, ezkerra askotarikoa dela ulertu nahi ez eta «desbideratuak» txikitzeko ohitura hartu dutenen zemaia: edo nire alde zaude edo bestela objektiboki etsaiari laguntzen zabiltza, eta beraz kontuz ibili, ez baitago beste aukerarik.

Camusen erantzuna: «Ezkertiarra naiz, baina egia eskuinak adierazten badu, orduan eskuindar». Libertarioa ez da ezinbestez liberalen sator. Gogotsu lagundu zien Espainiako errepublikazaleei eta bereziki CNTri. Mendebaldeko idazle bakarra izan zen Hiroshimakoa kondenatzen, artean gerra gori zela, bonba bota eta bi egunera. Eta lehenbizikoa dimititzen Unescok Espainia onartu zuelarik.

Wikipediak dakar Camus Aljeria frantziarraren aldeko izan zela eta ez da egia: hori bai, Camusek ez zuen onartu kolono zuri gaiztoaren eta arabiar txiro txintxoaren pelikula manikeoa. Ez zen isildu frantses inperialisten hilketa eta torturen aurrean. Baina ezta izugile independentisten aurrean ere. Sasoi hartan lastertasun bizia hartu zuen lehia bitxi horrek, ea nork lehenago eta hobeki kondenatu. Orain askok uste dute idaztea batik bat ondo kondenatzeko bide bat dela. Aljeriako heriotzen aurka ziharduela hil zen Camus, auto-istripu absurdo batean.

Absurdoa da maitagarriena, zioen, bizitza bera, Sisiforen lana. Zoriontsu irudikatu behar dugu Sisifo bere arrokari bultzaka. Inoiz ez zion utzi futbolean jokatzeari, igeri egiteari, eguzkia hartzeari, dantzari, amodioari, jakinik heriotza biriketan zeramala. Haren obra ezizen-iturri bilakatu da: Caen-en bada Albert Camus deritzon salerosle bat, eta La peste jarri diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.