Zuberoako dantza, motibazio eske

Zuberoan, haur dantzari izanik ere, gaztaroan anitzek dantza uzten dute kirol batean hasteko. Hala, dantzaren geroaz gogoeta bat abiatu dute hainbat eragilek Urdiñarben egindako bilkuran.

Eztabaidaren ondotik, herri desberdinetako hiru belaunaldietako dantzariak aritu ziren plazan. J.E.
Joanes Etxebarria.
Urdiñarbe
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Müsikaren Egünaren antolatzaileek, Bil Xokoa elkarteko kideek, eztabaidak plazaratzea maite dute. Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa, euskal preso politikoen egoera, laborantza nora doan... urtez urte hainbat gai jorratu dituzte, joan den larunbatean egin zen bezala. Arrakasta, gaiaren araberakoa izaten da. Joan den asteburuan, Urdiñarbeko herriko gelan, ikusi zen dantzak erakartzen duela, eta mahai inguru batera ere bai.

Mahaiaren bueltan, bi dantza elkartetako ordezkariak jarri ziren. Xiberoko Zohardia eta Aitzindariak elkarteek biltzen dituzte, zerbait gorabehera, Zuberoa osoko dantza taldeak. Eta abantzu herri orok badu bere taldea. «Denak arduratzen direla iduri luke, baina nik uste dut ez dela sekula orain bezainbeste dantzari izan», zioen, sar hitzean, Xiberoko Zohardia elkarteko Jean Etxegoien dantza irakasleak.

Dantza eta gaztaroa

Egia da, mahai ingurukoei entzundakoaren arabera, dantza ez dagoela kinka larrian. Zuberoan, herriko bestak, maskaradak edo pastoralak, besteak beste, dantzari anda baten plaza baitira. Baina dantzari gazte batek proposatu zuenean haurren arteko dantza lehiaketa bat antolatzea, «helburu bat ukan dezaten», motibazioaren inguruko eztabaida piztu zen. Sohütarrek urte bukaerako ikuskizuna prestatzen dute urte osoan, haien irakaslearen arabera, baina beste herrietan ikasi dutena erakusteko plaza gutxi dela azpimarratu zuten.

Nicole Erbinartegarai ikerlari barkoxtarrak oroitarazi zuen Zuberoan «dantza, luzaroan, oso aktibitate elitista» izan dela. «Familiaz familia transmititzen zen. Orain, orokortu da, denei irekia da, beraz maila desberdinak badira». Inork hain argiki erran ez bazuen ere, usu entzuten da lehenago dantzariak hobeak zirela. Uste horren kontrapuntua zen, beraz, Erbinartegaraik ekarri nahi zuena.

Bai dantza irakasle eta bai dantzari, denak ados ziren gaztaroan gutxi direla —bereziki mutilak— dantzarekin segitu nahi dutenak. «Lagunak errugbira doaz, eta haiekin joateko gogoa jiten da» azaldu zuen Sebastien Agerrek, Urdiñarbeko zamaltzainak. Lehiaketaren beharra aipatu zuen dantzariak bere xantza aitortu zuen: «Guk ikuskizun ederrak egiteko parada ukan dugu, ongi zainduak izan gara. Baina 11 edo 12 urtetan ez dute horretarako paradarik, eta dantza aspergarria bilaka daiteke».

Lehiaren beharra, batek baino gehiagok aipatu zuen larunbatean. Baina besterik ere. Jean Etxegoienen ustez, begiratu behar da ere zer irakasten den: «Borobilean egiten diren dantzak aspergarriak dira haurrentzat. Nik nahiago dut dantzari bakoitzak bere puntuak (urratsak) landu ditzan».

Dantzan bakarrik jantziekin

Mahai inguruko parte hartzaile atharraztar batek errepikatu zuen beste batzuek errana: «Orain, dantzariak ez badira [dantzariz] jantziak ez dira dantzan ari. Garai batean, maskarada baten ondoren, dantzariak sartzen ziren puntu bat [urrats bat]ematera; bazen guduka bat herrien artean». Orain dantzariak, ez direnean jantziak espresuki dantzatzeko, ostatuan egoten direla zioen. Dominika Rekalt eztabaidaren eramaileak, bera ere dantzaria baita, «ostatuetan egiten ziren dantza desafioak» gogoratu zituen.

Eztabaidan, dantzaren iragana eta oraina hain desberdin margotu bazituzten ere, mahai ingurutik landa plazako karpan eskaini zuten dantza ikuskizunak aro desberdinen arteko marra ezabatu zuen. Hasteko, hainbat herritako hiru belaunaldi aritu ziren dantzan; zaharrenak eta gazteenak zailtasunekin, aspalditik dantzatu gabe edo hasi berriak direlako. Aitzindariak, jantzirik agertzen direnak, distiratsu gehienak. Baina denek zuten dantzatzeko plazera.

Bukaeran, dantza sorkuntza bat ere ikusi zen, mutilez osatu talde batek eskainia. Dantzan mutil eskasa badelarik, esperantza izpi bat bezala geroarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.