Kronologia

2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
MUGIMENDU HANDIA

• Otsailak 20. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak Euskal Herrira iritsi ziren.

• Otsailak 21. Egiaztatzaile Batzordearen prentsa agerraldia Bilbon: jakinarazi zuen ETAk armategia indargabetzeari ekin diola. Arma eta lehergai zerrenda bat erakutsi zuten, ETAren zigiluarekin. BBCk bideo bat zabaldu zuen berehala: ETAko bi kide, eta Ram Manikkalingam eta Ronnie Kasrils egiaztatzaileak ageri ziren gela batean, eta han zeuden biok aurrez aipatutako armak eta lehergaiak. Manikkalingamek-eta Bilbon bertan hainbat bilera egin zituzten euskal eragileekin. Horietako gehienek jo zuten aurrerapauso gisa ETAren neurria; ordea, Espainiako eta Frantziako gobernuek zioten ez dutela urratsik egingo ETA desegin arte.

• Otsailak 22. Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Egiaztatze Batzordeko Malikkaningam, Kasrils eta Chris Maccabe, ETArekin izandako harremanagatik —Covitek egin zuen eskaera—. Bill Clinton AEBetako Gobernuko presidente ohiak Twitterren mezu bat idatzi zuen Euskal Herriko bake prozesuaren alde.

• Otsailak 23. Egiaztatzaileek Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten, Madrilen. Kontatu zutenez, Frantziako Tolosan blidu ziren bideoa egiteko, eta ETAk ziurtatu zien arma eta lehergai haiek erabilerarik gabe utziko zituela. Ismael Moreno epailearen aurrera joan aurretik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren babesa jaso zuten Madrilen, bisita baten bidez. Lula da Silva Brasilgo gobernuburu ohiak atxikimendua adierazi zion Aieteko Adierazpenari. Le Monde Frantziako kazetak, editorial batean, Espainiari aurrerapausoak eskatu zizkion.

• Otsailak 24. Lokarrik bertan behera utzi zuen Donostian Aieteko Adierazpenaren izenpetzaile batzuekin bi egun geroago egitekoa zuen konferentzia, hau «garai egokia» ez delakoan.

• Otsailak 26. Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako Jona-than Powellek, besteak beste, Urkullurekin, EAJrekin, Sorturekin eta PSE-EErekin bilerak egin zituen Euskal Herrian. ETAren armagabetze igarpena baikor baloratzen dutela esan zioten. Rajoy: [ETAren desarmatzeaz] «Zergatik egin behar dut nik zerbait?».

• Otsailak 27. Brian Currin bitartekaria Euskal Herrira heldu zen, Baionako gaurko Bake Forumean parte hartu aurretik hartu-eman batzuk burutzeko.

• Otsailak 28. Frantziako Poliziak Baionako polizia etxera deitu zituen Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, «terrorismoari» buruzko galdetegi bat erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.