Arraun-minez

Zoriak zori

Felipe Eizagirre -

2013ko uztailak 23
Galtzear zuen emozioa berreskuratu du San Miguel ligak. Oriotarren patroia horiz gainjantzi da konturatzerako; non eta etxean! Diskurtso zuhurrarekin segitu arren, ziur naiz mirotzen aldageletan badagoela beste sentipen bat: «Goazen koroaren bila!». Badituzte dohainak. Urdaibaik, erdi gerizpean, muturrean segitzen du beti; eta ez du liga irabazteko xedean aukera zipitzik galdu oraingoz. Argi txoekin! Hondarribia, kostata, baina bertan geratzekotan sartu da lau onenen artean; eta orain kostako zaie beste hirurei Ama Guadalupekoari txopa erakustea. Bestalde, bigarren txandako laukotea dago; eta laurek dute, eguraldi aldaketaren zain egon gabe, estropadak goiko postuetan bukatzeko gaitasuna. Horrek guztiak, banderen lehiari ez ezik, ligaren nondik norakoari ere modu nabarmenean eragin dio. Ligako lehenengo zortzien arteko aldea hain baita txikia, liga irabazteko faboritoetako batek nahikoa duela akats txikiena egitea, bere arerio zuzenekiko puntu mordoxka galtzeko.

Horixe gertatu zaio Kaikuri, ia-ia. Ohitu gintuen mailaren azpitik ibilita, liga bukaerara arte galduko ez zuela zirudien abantaila galdu zuen ustekabean. Eta igandean, gauzak bere lekura itzuli nahita, karelean kolpea joko zuela ematen zuenean, zoritxarreko maniobra egin zuten kanpoko balizan. Eta batek baino gehiagok esango zuen: «Hori zorte txarra!». Ni ez naiz inor hori zorte kontua izan zen edo ez esateko. Baina zaila zait sinestea justu gertatu zen unean gertatzea kasualitatea izan zenik. Zurinagak berak onartu zuen gero ziaboga estu hartzera joan zirela. Eta normala da, arerioak gainera baitzetozkien. Jakina da estutasuna tosta-lagun eskasa izaten dela; eta areago hainbeste jokatzen den une horietan: ziabogetan. Gauzak ondoegi egin nahi izateak horixe dakar sarritan. Hori bai; okerraren ondorengo lan ona bai ez zela zorte kontua izan! Eta gaitz erdi, horregatik. Kaiku da oraindik ere faborito nagusia. Baina igandekoak uste baino gauza gehiago esan zizkigun; eta horregatik berreskuratu du zirrara ligak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna