Kritika. Musika

Ona eta berritzailea

2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
XIV. Bilbao-Bizkaia Kantu Txapelketa.

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo. Eguna: Abenduaren 1a.

Goi maila eman dute finalera heldu diren abeslariek, eta berrikuntzak izan ditugu XIV. Bilbao-Bizkaia Nazioarteko Kantu Txapelketan. Izan ere, astean barrena izan diren kanporaketak gainditu eta gero, nazioarteko epaimahaiak (Maria Bayo sopranoa bertan zela) bi hegokorear abeslariei eman dizkie lehenengo sariak: Su Hyung Cho sopranoari eta, gizonezkoena, Seung-Gi Jung baritonoari. Soprano txapeldunak operak behar duen bolumena eta teknika adierazi zituen, eta baritono sarituak beste horrenbeste egin zuen tinbre oneko ahotsarekin. Beste saririk ere eman zen finalean. Esaterako, hemengoa den Miren Urbieta sopranoak Euskadiko Abeslari Onenaren saria jaso zuen, emakumezkoen bigarren saria lortzeaz gainera, haren ahotsaren adierazkortasuna erakutsi eta gero. Publikoak bere sariaEspainiako Sergio Escobar tenorrari eman zion, gizonezkoen bigarren saria lortzeaz gain. Hala, kritikoen aldetik, geurea eman genion Iwona Sobotka Poloniako sopranoari, emakumezkoenhirugarren saria lortu zuenari. Espainiako Ruth Iniesta sopranoak ikasketarako beka lortu zuen haren ahotsaren ahalbideak entzunak izan eta gero.

Lan handia egin zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoak lehiakideak lagunduz eta, hasiera eta tartean, Preludio eta Oberturak interpretatuz. Gure orkestrak ia bakarrik jo zuen, operetan ezagutza eta eskarmentua adieraziz,Virginia Martinez zuzendariak ia ez zuelako deus egin musikariak—biolinak batez ere— kontzertatzeko, sarrerak emateko edo ñabardurak ateratzeko.

Berrikuntzen hariari eutsiz, lehen Bilbokoa bakarrik zentxapelketa, aurten,Bilbao-Bizkaia eta Pedro Maria de Unanue bataiatua izan da, nire ustez, irizpide zuzenarekin. Bertara, bada, 137 artista gazte joan dira, 17 herrialdetatik etorriak. Eta nik orain arte ikusi ez dudan maila altua eman dute, urte askotako edizioekin konparatuz gero. Nabarmena izan da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kultura sailekoek egin duten ahalegina txapelketari eusteko: bai diru kontuan (krisia dela eta), bai antolaketaren kargu zuzena hartuz. Hurrengo txapelketarako barneko antolakuntzari dagokionez, beste zuzenketa batzuen artean, oso garrantzitsua izango da publizitatearen oihartzuna aurrerago eta sakonago egitea. Pena izan da Euskalduna leku ederra erdi hutsik ikustea, gure inguruan dagoen kanturako zaletasuna ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.