Komunikazioa

Info7k bost urte beteko ditu bihar, eta grebari buruzko saio bat egingo du

Hamaika telebistak eta Eguzki irratiak ere saio bereziak egingo dituzte grebaren erantzunaren inguruan

U.U. -

2011ko urtarrilak 26
Bost urte beteko dira bihar Info7 irratiak emanaldiak hasi zituela. Greba eguna izaki, ospakizunik ez, baizik eta grebari loturiko saio berezi bat egingo dute 08:00etatik 14:00etara. Eskualdeetako eta hiriburuetako datuak emango dituzte, berriemaile sare zabal batek lagunduta. Elkarrizketak, albisteak eta analisiak izango dira irratsaio berezi horretan.

Bosgarren urteurrena dela eta, kanpaina egiten ari dira Info7ko kideak herriz herri. Eta urtebetetze ospakizuna otsailaren 19an egingo dute, Hernanin.

Greba Eguzkin eta Hamaikan

Hamaika telebistako langileek bat egingo dute bihar grebarekin. Baina egun berean, «greba aktiboarekin bat eginez», saio bereziak izango dituzte. Lehena 15:00etan emango dute, eta haren errepikapenak, orduro. 19:00etan, saio berezi bat egingo dute Gipuzkoan eta Bizkaian grebak eman duenarekin.

Iruñeko Eguzki irratiak grebari buruzko albistegi bereziak egingo ditu orduro bihar, 08:00etatik aurrera. Entzuleak ekarpenen bat egitea bidezkoa ikusten badu, 948-22 07 58 telefonora dei dezake edo eguzki@ eguzki.net-era idatzi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna