Agus Barandiaran. Korrontziko trikitilaria eta ahotsa

«Oinkari gure arima bikia da»

Korrontzi folk musika taldeak eta Oinkari dantza taldeak, musika eta dantza uztartuz, 'Infernuko hauspoa' ikuskizuna aurkeztuko dute bihar Donostian, Viktoria Eugenia antzokian.

BAGA BIGA.
Jon Fernandez.
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Trikitiari kea ateratzea da Agus Barandiaranen (Maruri, 1975) pasioa. Euskal Herriko folk musikren zale amorratua da, eta 2004az geroztik trikitiaren erritmo zaharren gainean doinu berriak probatzen ari da Korrontzi taldearekin. Sinetsita dago herri baten adierazpenik esanguratsuena haren dantzan eta musikan dagoela. Eta orain Oinkari dantza taldeko 40 dantzarirekin batera igotzen dira oholtzara.

Infernuko hauspoa DVDa kaleratu zuten abenduan (Baga Biga). Folkaren eta dantzaren arteko fusioa da. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko dute bihar, 19:00etan.

Ez omen dago dantzatzen ez den musikarik.

Musikak dantza sorrarazten du beti. Korrontzin hasieratik saiatu izan gara jendeari dantza eragiteko musika egiten. Atzerrian jo izan dugunean ere bakoitzak bere modura baina beti dantzan amaitu izan dute ikusleek.

Oraingoan zeuekin daramazue dantza ere.

Hala da. Villabonako Oinkari dantza taldeak pauso egokiena jarri dio gure musikari. Euskal Herriko dantza tradizionalei koreografia garaikidearen ukituak eman dizkiote. Sekulakoa izan da Edu Muruamendiaraz koreografoaren lana.

Zelan ezagutu zenuten elkar?

Egia esanda, kasualitatez. Oinkari dantza taldeak entseguetarako erabiltzen zuen gure musika, etakantu batzuekin koreografiak prestatzen hasi ziren guri ezer esan gabe. Duela bi urte kontzertua eman genuen Villabonan, eta abesti batzuetan dantzariekin batera aritzea proposatu ziguten. Guztiz harritu gintuen emaitzak, eta harrezkero elkarlanean ari gara. Luzerako, gainera.

Iragana gaurkotzea da bi taldeen helburua.

Tradizioa hilko ez bada, derrigorra da modernitate puntu bat ematea. Trikitiak, adibidez, erritmo berriak sartu direnean irabazi du gehien. Jende gazteari erakutsi nahi diogu betiko fandangoaren gainean badagoela gauza berriak egiteko aukera. Guk musikan egin nahi genuena Oinkarik dantzan egin nahi zuen. Azken finean, Oinkari gure arima bikia da. Eta, elkarlanean, tradizioa modernizatu dugu. Horretan saiatzen gara behintzat.

Zer berritasun ekarri dizkiozue tradizioari?

Bost musikari gaude Korrontzin,bakoitza esparru batekoa: folka, jazza... Erritmo ezberdinak nahasten ditugu tradizioa oinarri hartuta. Musika tresnekin ere zerbait berria proposatzen saiatzen gara. Doinu herrikoienetan, esaterako, gitarrarekin eta mandolinarekin lagundu diogu trikitiari. Marinba edota whistleak ere modu naturalean sartu ditugu kantu batzuetan.

Oinkariko dantzariek ere natural lotzen dituzte fandangoaren pauso zorrotzak gimnastika erritmikoko pauso biribilekin.

Muruamendiarazek ere bertoko pauso tradizionalak hartu ditu oinarri, baina kanpokoak ere txertatuta. Balletaren eragina ere nabaria da, eta baita gimnastika erritmikoarena ere.

Zelan lortu duzue lehenaren eta orainaren arteko oreka?

Kontrastean dago oreka. Lehenaren eta orainaren arteko bidaia bat da ikuskizuna. Infernuaren hauspoa-n ere kontrastearekin jokatu dugu musikan, dantzan zein kokapenetan.

Abestiak Bilboko Guggenheimen eta Bermeoko Gaztelugatxe baselizan grabatu dituzue , besteak beste.

Herritartasuna hirira eraman dugu. Betiko erromeriak eta doinu modernoak nahastu ditugu ikuskizunean, eta DVDan kokalekuarekin jokatu dugu, modernotasuna eta tradizioa azpimarratzeko.

Biharkoa ez duzue estreinako kontzertua, dagoeneko dezente eman dituzue.

Urtebete daramagu ikuskizuna etxean zein kanpoan eskainiz. Jendea txundituta geratzen da, bereziki atzerrian. Euskal Herriko musikaren enbaxadoretzat hartzen gaituzte. Otsailean Marokora joango gara, eta apirilean Bilboko Plaza Barrian izango gara.

Zergatik jarri diozue Infernuko hauspoa izena ikuskizunari?

Dantzak eta trikitiak sorreratik izan duten lotura islatzen duelako aukeratu genuen. Historia luzea du atzean. Duela 130 urte, trikitia Euskal Herrira etorri zenean, jendeak erromerietan sartu zuen, eta txistua eta alboka zokoratu. Ikusi zuten kanpoko erritmoak sartzeko aukera ere bazegoela. Jendeak oso ondo hartu zuen berrikuntza, eta dantza soltetik dantza lotura pasatu zen erromeria. Elizari ez zitzaion gustatu, eta debekatu egin zuen trikitia, infernuko hauspoa zela esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.