lander garro
Literatura. Hirudia

Literatur aldizkarien madarikazio misteriotsua

2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Mende erdia bete du Igela-k, euskarazko aldizkari anti-kristau «heterodoxoak». Ion Mirandek eta Txomin Peillenek abiatu abentura hark zer esan handia eman du urteetan, bide-urratzaile izan zirelako, bere txikian, bere ausartean. Peillenek berriki esan du izkin guztietatik torpedoak bidaltzen ibili zitzaizkiela, kexu zen horretaz, bezerorik gabe uzteraino erasotu zituztela, elizaren (kanpai) dorreetatik bereziki. Kixoteren «Elizarekin topo egin diagu, Santxo» hura etor dakioke edonori burura, arerio errukitsu batekin ez, baina Elizarekin estropezu egin baitzuten geure lagun heterodoxoek: arerio txikiagoak ezagutu ditugu ugari, handiagoak gutxi! Egia da, alabaina, Igelako haiek ez zirela euskarazko literaturaren plazara lagunak egiteko atera, ezta inondik ere: «Gure mundu txar hau apostolu gaiztoz betea da. Batak laguna terrorismu egitera bultzatzen du, berak ezer egin gabe; besteak otsemaiten zaitu bertutera, berak aplikatu egin gabe. IGELAK ez du iñor, ezertara, deusetara bultzatzen salbu eta pentsatzera predikatzen digutenek, ongiaren bidean, ez dutela guk bezin beste egiten». 1962. urtean idatzi zuten Mirandek eta Peillenek euskal hipokrisiaren sintesi txiki eta zorrotz hura, hain egiazkoa: orduan idazten ausartu ziren hura gaur betetzen da oraino (hipokrisia), baina ez du inork salatzen, ezpada gutxi batzuek. Estandarirazioak eta burokraziak otzankeria erabatekora bultzatu gaitu, irudiz.

Sei zenbaki eman zituzten argitara, urritasun hau harrigarria suerta badaiteke ere. Juan Rulforen efektu bera lortu zuten anfibio matxinoek, idatzitakoari etekin ikusgarria atereaz. Ezagutzen ditut euskal idazle batzuk dozena pare bat nobelekin inork ere oroitzen ez dituenak. Baina jakin behar da hau edo hori une eta toki egokian egiten edo esaten, hau da, oportunitatearen dohaina izaten. Ez da txorakeria. Kultura sakristia handi bat zenean, Jainkoari bizarra moztu, eta ezer gehiago egin gabe erretiratu zitezkeen bi idazleak, nahikoa eginda. Gerora Peillenek gauza ugari egin du, ez naiz aurkakoa esaten ari, baina, egin izan ez balu, berdin oroituko genukeen gaur, saunaren erdian puzkerra botatzen duena bezala nabarmendu baitziren, eta halaxe gordeko ditu geure literaturaren historia (minuskulaz) petralak.

Igela-ren arrakasta hura, ordea, aho biko labana izan zen. Batetik, motorraren asmakizunaren gisakoa izan zen, autoak zaldietatik bezala askatu baitziren lumak kristoren gurutzetik. Nolako zama kendu zuten gainetik. Bestetik, arrakastaren paradigma txar bat utzi ziguten ondorengooi. Uste izan genuen, eta hala egiazta liteke geure aldizkarien historiari erreparatuta, arrakastarako formula egokiena (aldizkaria) sortzean zarata egin eta ahalik eta azkarren ospa egitea zela. Manifestu estridentea idatzi, amorru deklarazio hanpatua egin (ia beti geure sistema literarioa xaxatzeko promes eginez), lau poema argitaratu, eta txanda hurrengoei. Bitxia da. Jokaldia, jakina, ia denei gaizki atera zitzaien, eta guztiz ahaztuta izango genituzke aldizkari gehienak, Susakoek Ibiñagabeitia proiektua sortu izan ez balute. Proiektu honek euskarazko aldizkariak digitalizatu eta sareratu zituen, horri esker ari natzaizue testu sasi erudito hau idazten, eta horri esker atera ziren aldizkariak kutxa zarratu haietatik.

Bai, zinez mehea da aldizkariek desagertzean utzi ohi duten ubera, beren ibilian sortu zuten ilusioaren neurrikoa ziurrenik. Zergatik? Zerk eragiten du, oro har, euskal aldizkarien inguruan sortu ohi den indiferentzia mingarri hori? Baten batek erantzunik balu, saia bedi, arren, aldizkariren bat sortzen, baina saihets dezala lehen zenbakiko aldarri su-piztailea, gerora irakurrita hain errukigarri gertatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.