Gerizpean

Entzierro berezien zain

Faltzesko jaiak etzi hasiko dira, eta mendiko lehenengo entzierroa igandean egingo dute, 09:00etan

Jon Eskudero -

2013ko abuztuak 8
Ate-joka dira hainbesteko ikusmina sortzen duten Faltzesko (Nafarroa) entzierroak. Herriko jaiak etzi hasiko dira, baina lehenengo entzierroa igandean egingo dute, eta zortzi egunez ez da faltako zer ikusirik eta zer gozaturik. Arriskua, emozioa eta abar bizitzeko aukera aparta izango da. 800 metroko entzierroa besterik ez da izaten, baina zeresanik ez da falta izaten urtero. Zezenak ziztu bizian jaisten dira menditik, eta tarteka amildegian behera ere joaten dira jendearen atzetik. Faltzesko herritarrak ez ezik, Euskal Herriko bazter askotakoak ere bertaratzen dira entzierroa gertutik ikusteko.

1920. urtean hasi ziren Faltzesen mendiko entzierroak egiten. Herriko jaiak iristen zirenean, gazteak mendira joaten ziren zezenen bila, eta haien aurretik lasterka jaisten ziren, azkarrena nor zen ikusteko. Jolasa tradizio bilakatu da, eta orain ekitaldi sakratua da entzierroa. Mendiko bidearen ertzean jende andana biltzen da, izan gazte izan zahar, eta guztiek emozio handiz ikusten dute zezenen eta lasterkarien jarduna. Aurten ere ez da ikusminik faltako. Igandean hasita, egunero goizeko bederatzietan hasiko dira entzierroak.

Faltzesko jaietan, ordea, izango da bestelako ekitaldirik ere. Txupinazoa etzi botako dute, eguerdiko hamabietan, eta musikak eta dantzak protagonismo berezia izango dute egun osoan. Besteak beste, euskal dantzak ikusteko aukera izango da arratsaldeko zazpietan. Gauean, berriz, su festa izango da. Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, suak hartuko du Faltzesko zerua.

Haurrek ere izango dute ongi pasatzeko aukerarik. Datorren astelehenean, esaterako, puzgarriak eta haur jolasak izango dituzte. Erraldoiak eta buruhandiak ere egunero aterako dira kalera. Adin guztietako jendeak izango du Faltzesen jaiez gozatzeko parada. Astebete iraungo dute jaiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna