Euskal Herriratzea galdegin diote Frantziari 25 euskal preso politikok

Abokatuek azaldu dute Frantziak eskariari uko eginen balio 2012an bezala Estrasburgoko auzitegira joko dutela

Ezkerretik, Maritxu Paulus-Basurko, Amaia Errekarte eta Miren Illarreta abokatuak. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako presondegietan dauden EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 25 presok Euskal Herrira ekartzeko eskatu diote Frantziari. Eskaria egin dutenek hamar urte baino gehiago daramatzate Frantziako espetxeetan. Horien artean daude kolektiboko mintzaideak ere. Maritxu Paulus-Basurko, Amaia Errekarte eta Miren Illarreta abokatuek eman dute eskaeraren berri, Baionan. Gaur egun EPPK-ko 493 preso daude Frantziako eta Espainiako espetxeetan, horietako 105 Frantzian. 32 presondegitan daude sakabanaturik. Bi bakarturik daude, eta hamahiru presondegitan bi euskal preso baino ez dira.

Ez da presoek Euskal Herrira edo hurbilen den presondegira ekartzea eskatzen duten lehen aldia. Berrikuntza, oraingo honetan, legeak finkatu duen prozedura formala baliatzea da. Preso bakoitzak eginen du eskaria, eta hiru ataletan banatuko da. Lehen zatian, eskaria egiteko arrazoiak zehaztuko dituzte. Bi motatako presoak daude: epaiketaren zain daudenak, alde batetik; bertzetik, zigorra betetzen ari direnak zentraletan. Bi kasuetan, Euskal Herritik urruti daude. Epaiketaren zain daudenen kasuan, prozedura Parisko epaileen eskuetan dago. Alta, gero eta sarriago, Lyonekoa bezalako espetxeetara igortzen dituzte.

Abokatuek azpimarratu dute presoak duen defentsarako eskubidea urratzen dela kasu horretan. Izan ere, instrukzioa Parisko epailearen esku dago, eta defentsa antolatu ahal izateko, abokatuek bi bidaia egin behar dituzte, presondegira eta Parisera. Presoen garraiatzea ere eragiten du horrek. Horrekin batera, familiakoengandik urruti egonez, familia harremanak eteteaz gain, bidaia luzeak inposatzen dizkie senideei, bidaiak berak eragiten dituen istripu arriskuekin eta xahutze ekonomikoarekin batera. Lehen argudio hori azalduko du preso bakoitzak, bere errealitatearen berri emanez.

Bigarrenik, lege bermeak aipatuko ditu. Bai Frantzian, bai Europan, badaude presoen eskubideak arautzen dituzten legeak. Frantziako legeak aitortzen du etxetik hurbilen dagoen presondegian egoteko eskubidea dutela, baina ez dute betetzen.

Hirugarrenik, eskaria egitera bultzatzen dituzten arrazoi politikoak aipatuko dituzte presoek. Euskal Herrian gizartearen gehiengo zabalak eskari hori sostengatzen dutela nabarmendu dute abokatuek, Bilbo eta Baionako manifestazioetan zein foro sozialetan agerian gelditu denez.

Eskaria espetxeko zuzendariari egingo diote, hark Justizia ministroari helarazi diezaion. Epaiketaren zain dauden presoen kasuan, Justizia ministroaren eta epailearen oniritzia beharko luke. Zentraleko presoen kasua, aldiz, Justizia ministroaren eskumena da.

Abokatuek gogoratu dutenez, presoen sakabanaketak ez du oinarri juridikorik. Eta Giza Eskubideen Ituna urratzen duela argudiatuta, Estrasburgoko auzitegira eramanen dute gaia, Frantziaren erantzuna ezezkoa baldin bada, ituneko 6. eta 8. artikuluak urratzeagatik. Ez da, halere, abokatuek Europara joko duten lehen aldia. 2012an helegitea ezarri zuten, baina ez dute oraindik erantzunik jaso.

Espainian dituzten beste 30

Espainian dituzten euskal presoak ere ari dira Euskal Herrira eramateko eskaerak egiten. Horien kasuan, Arabako Zaballa kartzelara eraman ditzaten. Lehen txandan bildutako 15 presoak martxoaren 10ean hasi ziren eskakizunak aurkezten: gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak, eta 70 urtetik gorakoak. Egin dituzte gehienek proposamenak, baina, BERRIAk jakin duenez, guztiek ezin izan dute aurreikusi bezala aurkeztu. Espetxezainek idazkia kendu diote presoren batean, aurkeztu aurretik.

Bigarren txandakoak apirilean hasi dira eskaerak egiten. 30 inguru dira: kartzelan 20 urte baino gehiago daramatzatenak, eta EPPKren zuzendaritzakoak. Kolektiboak eragile politiko gisa urratsak egitea ahalbidetzeko sartu da zuzendaritza txanda horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.