Emakume transexual baten aurkako erasoa epaituko dute bihar, Gasteizen

Agintari politikoak ez daudela erasoak geratzeko prest salatu dute biktimari babesa eman dioten elkarteek

Jon Rejado -

2011ko ekainak 8
Emakume transexual baten aurkako erasoa epaituko dute bihar Gasteizen. Apirilaren 19an gertatu zen epaituko den kasua, Arabako hiriburuko Errege-Erregina Katolikoen kaleko denda batean. Han, epaituko duten emakumeak Casandra Nascimento da Silvari irain laidogarriak esan zizkion denda barruan zein kanpoan. Arabako gay, lesbiana, bisexual eta transexualen kolektiboko elkarteek babesa eman diote Nascimento da Silvari, eta elkarretaratzeak deitu dituzte epaiketaren egunerako.

«Transfobia, homofobia eta bereizkeria sortzen duten mota horretako jokabideak jakinarazi eta salatu egin behar dira», nabarmendu zuen atzo Nascimento da Silvak, epaiketaren berri emateko prentsaurrekoan. Apirilaren 19ko gertaeren ostean «lur jota» sentitu zela jakinarazi du, baina salaketa jarri ostean transfobiaren aurka borrokan jarraitzeko asmoa berretsi zuen.

Emakumearen irainak dendan sartu eta berehala hasi zirela gogorarazi du. «Marikoia» edota «puta izateko ere maila izan behar da» eta antzeko irainak esateaz gain, «zakila» hitza hainbatetan esan zuela azaldu du. Ez ikusiarena egin ostean erasotzaileak alde egin zuela gogorarazi du erasandakoak, baina bikotekidearekin itzuli zen minutu gutxi batzuk geroago. «Atera nintzenean bera zain zegoen, lagun talde batekin batera». Ertzaintzari deitu eta tokian bertan salaketa jarri zuenean erasotzaileak Nascimento da Silvak eraso egin ziola esan zuen. Ordea, dendako langileak salaketaren zioa berretsi zuen.

Gasteizen geratutako eraso transfobo baten aurkako lehen epaia izan daitekeela gogorarazi dute LGTB elkarteek. Hala, duela bi urte beste kasu bat epaitegietara heltzear zegoela bi aldeek akordio ekonomikoa lortu zuten. 2009ko kasuan lanean gertatutako bereizkeria izan zen, nagusiak emakume transexuala kaleratu baitzuen nolakoa zen jakin ondoren.

Transfobia, bizirik

Legedian gertatutako aurrerapenekin zenbait taldek «poztasuna» agertu duten arren, transfobiak bizirik dirauela gogorarazi dute Las trans, Lumagorri, Pikarrai, 7menos20 eta Bilgune Feministak. Erasoak eta bereizkeria kasuak gerta ez daitezen «gogoeta sakona» egiteko eskatu du Zuriñe Martinezek, Las trans elkarteko bozeramaileak. «Aldaketa soziala gertatzeko derrigorrezkoa da heteropatriarkatua bukatzea».

Gaur egungo politikariak Eliza katolikoaren zerbitzura daudela gaineratu dute aipatu elkarteek, eta erasoak bukatzeko ez daudela prest gaineratu dute. Eraso transfobikoen aurka protesta egiteko eta sistemaren aldaketa eskatzeko, bi elkarretaratze deitu dituzte ostegunean, 11:30ean epaitegien aurrean eta 19:30ean Andre Mari Zuriaren plazan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna