Emakundetik Jaurlaritzara mugitu dute biktimen laguntzen kudeaketa zuzena

Emakunderen ardurapean jarraituko dute berdintasun politiken koordinazioak eta diseinuak

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Genero indarkeria jasaten duten emakumeentzako baliabideak kudeatzeari utziko dio Emakundek. Eusko Jaurlaritzako sailen esku geratuko dira, besteak beste, telefono bidezko arretaren edota diru laguntzen kudeaketa zuzena, baina Emakumearen Euskal Erakundea izango da aurrerantzean ere berdintasun politiken koordinazioaren eta diseinuaren buruan. EAEko Aldizkari Ofizialak eman zuen aldaketaren berri atzo. Bortizkeriaren biktimentzako zerbitzuen barne kudeaketan azken lau urteetan egindako hirugarren aldaketa esanguratsua da hau, baina «eraginkortasuna hobetzea» eta «koordinazio lana indartzea» du helburu, Ana Alberdi Emakundeko idazkari nagusiak BERRIAri azaldu dionez.

Indarkeria matxistaren biktimen arreta eta haientzako zerbitzuak nola kudeatu asmatu ezinik ibili dira azken urteetan Emakunde eta Jaurlaritza. 2009an irauli zuen antolakuntza lehenengoz PSE-EEk, gobernura sartu zenean. Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza sortu zuen, Herrizaingo Sailaren barruan, eta bertan kokatu zuen biktimen laguntza guztiak kudeatzeko eskumena. «Leihatila bakarra» deitu zioten: genero indarkeria jasandako emakumeen «biktimizazio bikoitza saihestea» zen antolakuntza berriaren helburua, hau da, andreok administrazio batetik bestera pairatutakoaren berri ematen aritu behar ez izatea.

Martxan jarri zutenean, ordea, kritikak baino ez zituen jaso, bai oposizioko alderdietatik, bai berdintasun teknikarietatik, baita mugimendu feministatik ere. Praktikan, indarkeria matxistaren aurkako politikak berdintasunaren aldeko egitasmoetatik bereiztea egotzi zioten Jaurlaritzari, eta, bide batez, Emakunderi erabakimena eta erreferentzialtasuna kentzea ere bai. Iaz, EAJ Jaurlaritzara itzultzearekin batera, zuzendaritza desagertu egin zen, eta haren eskumenak Emakunderi eman zizkioten. Izaskun Landaida zuzendariak kargua hartzean jakinarazi zuen funtzio horiek aztertuko zituztela, eta, hain justu, ariketa horren ondorio dira azken aldaketak: «Funtzio batzuk eraginkortasun handiagoz bete daitezke dagozkien sailetatik».

Alberdik zehaztu du genero indarkeriari buruzko instituzioen arteko batzordera eraman zutela eztabaida, eta eragileek «aho batez» erabaki zutela funtzioak berrantolatzea. Funtsean, 2009ko funtzionamendura itzuli dira: Jaurlaritzaren ardurapeko laguntzak eta zerbitzuak —foru aldundiek eta udalek ere badituzte eskumenak eta baliabideak— dagozkien sailen esku geratuko dira. «Arretaren koordinazioak Emakunderen ardurapean jarraituko du. Kontua ez da nork duen ahalmen handiagoa, baizik eta genero indarkeria jasaten duten emakumeei nola emango diegun ahalik eta erantzun osoena», adierazi du Alberdik.

Hala, aurrerantzean Herri Administrazio eta Justizia Saila arduratuko da biktimen arreta zuzenaz. 24 orduko telefonoa eta laguntza ekonomikoak, berriz, Enplegu eta Gizarte Politiken esku geratuko dira; Juan Maria Aburtoren sailak bere gain hartuko du biktimekin lan egiten duten langileen arreta, eta aholkularitzaren «gestio integrala» ere bai. Iaz sortutako Indarkeria Matxistaren Behatokiak, ordea, Emakunderen ardurapean segituko du.

Kudeaketa funtzioekin batera, baliabide ekonomikoak ere lekualdatuko dituzte: Emakunderen aurrekontuen barruan, zerbitzu horiei dagozkien dirusailak sailetarako baliatuko dituzte. «Gainera, laguntzak eskubide subjektiboak dira, hau da, dirua amaitzen bada, kreditua handitzera behartuta dago administrazioa», erantsi du Alberdik.

Erabiltzaileek, aldaketarik ez

Dena den, genero indarkeriaren aurkako laguntzen kudeaketaren xede nagusia ez da aldatu, Alberdiren hitzetan: «Aurreko legegintzaldian aipatzen zuten leihatila bakar horrek egon behar du emakumeek gertuen duten zerbitzuan, eta, gure iritziz, leku hori udaletan dago: berdintasun teknikariak dira trebakuntza onena dutenak. Uste dugu erreferente egokiak direla». Horren arabera, udaletako gizarte zerbitzuek kudeatuko dituzte biktimen laguntza eskakizunak, hau da, gainerako erakundeei igorriko dizkiete, eta koordinatuta jardungo dute: «Emakumeek erantzun bakarra jasoko dute».

Hartara, Alberdik argitu du erabiltzaileek ez dutela aldaketarik nabarituko: «24 orduko telefonoak hor jarraituko du; horra deitzen duenari berdin dio nork kudeatzen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.