Auzipetuek salatu dute peritu bihurtu direla 35/02 auzia idatzi zuten poliziak

Gaur hasita 22 saio dituzte aurretik 35/02 sumarioko auzipetuek; martxoaren 19a izango da azken eguna

Karmelo Landa, Sabin del Bado eta Jon Gorrotxategi, atzoko agerraldian. MONICA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Gu zigortzeko, Justiziaren aurka doan prozedura erabiltzen ari dira». Hala laburtu zituen Karmelo Landak atzo 32/02 sumarioaren auzian datozen hilabeteetan emango diren pausoak. Gaur hasi eta martxoaren 19a bitarte 22 saio dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzaren, akusazioaren eta polizien txanda zabalduko da orain. Horren berri emateko agerraldia egin zuten atzo Sabin del Badok, Jon Gorrotxategik eta Landak berak —hirurak dira herriko tabernen sumarioko auzipetuak—. Ondorio «oso larriak» atera dituzte auzipetuak datozen saioei begira: Justiziaren «okertzea» eta prozedura penalaren «bihurritzea» salatu zuten.

Abenduan jaso zuten datozen hilabeteotan herriko tabernen auzian emango diren pausoen aurrerapen txostena Auzitegi Nazionaletik. Dokumentua zuzenbidean eta zigor legeetan adituak diren hainbat kiderekin aztertzen aritu dira ordutik. Landak adierazi zuen jarritako egutegia eta plangintzak interpretazio gardena duela: «Fiskaltzak eta akusazioak hilabete hauetarako prestatu dute beraien erasoa». Esan zuten ez dutela froga objektiboetan oinarritutako akusaziorik eta, ondorioz, poliziak peritu lanetan arituko direla horien aurkako akusazioa egiteko.

Poliziak, peritu

Gaur abiatuko dira Madrilera, eta datozen bost egunetan 19.242 eta 18.350 polizia zenbakidunak arituko dira deklaratzen. Baina ez dira polizia gisa joango, peritu tituluarekin joango dira Auzitegi Nazionalera. Landaren arabera, aurretik egon diren bestelako sumario politikoetan aritutakoak dira bi horiek, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria, Udalbiltza, Bateragune eta 18/98 auzietan. «Makroepaiketa guztien jatorrian dauden polizia berak dira». Adierazi zuenez, tesi bakarra defendatzen dute: «Dena da ETA, hortaz, talde armatuko kide delitua denentzat».

Bi polizia horiek ez dira akusazio lanetan arituko diren bakarrak izango. Landak azpimarratu zuen irudi bera errepikatuko dela martxoa bitarteko saio guztietan. Urtarrilaren 23 eta 24an sei polizia izango dira; otsailaren 6tik 12ra, hamabi; otsailaren 27tik 28ra, zortzi polizia. Horiek guztiek aurrekoek esandakoari «amen» egingo diote, Landaren iritziz.

«Sumarioa fabrikatu zuten polizia berberak peritu eta aditu bihurtu dituzte goizetik gauera», behin eta berriz salatu nahi izan zuen Landak atzoko agerraldian. Azpimarratu zuen «jazarpenerako poliziak» direnak ezin dutela peritu zientifikoen edota «adituen» lan hori egin. Era horretan, zigor prozedura «okertu» egiten dela adierazi zuen Landak: «Perituaren edo zientifikoaren esanak frogatutzat ematen dira».

Zigor prozeduraren arabera, kargu objektibo eta pertsonalizatuetan oinarritutako frogak aurkeztu behar dira akusazioa egiteko. Auzipetuek salatu zuten alderantzizko bidea egiten ari direla 35/02 sumarioaren epaiketan. «Peritu bihurtutako polizien ondorioak hartzen dira frogatzat», eta irizpide judizialak ordezkatzen dituzte era horretan: «Zuzenbidearen aurka doan prozedura erabiltzen ari dira gu zigortzeko helburu argiarekin». Akusazioaren, fiskaltzaren eta Espainiako Gobernuaren asmoak agerian geratu direla adierazi zuen Landak: «Auzitegi Nazionala erabiltzen ari dira zigor antidemokratiko bat ezartzeko». Helburu bakarra dutela esan du: «Bakebideari, demokraziari eta justiziari oztopoak jartzea». Ez dute halakorik onartuko: «Euskal Herriak askatasuna eta bakea behar ditu garai berriotan».

Urria eta abendua bitarte auzipetuen eta fiskaltzaren lekukoen deklarazioen txanda izan zen. Gorrotxategik adierazi zuen orain arteko saioetan akusatuen lan politikoa izan dela argi geratu den bakarra: «Bilera politikoak, prentsaurrekoak eta elkarrizketak zeuden fiskaltzaren lekukoen akusazioetan». Salatu zuen froga gisa Poliziaren jarraipenak besterik ez dituztela izan orain arte.

Akusatuek «ezustekoa» hartu zuten fiskaltzak kultur elkarte edo herriko tabernen auzirako beste fiskal bat ezarri zuenean, hala adierazi zuen Gorrotxategik. Delitu ekonomikoen jarraipena egiteko jarri zuten fiskal hori. Baina haren «zabarkeria» salatu zuen atzo. Izan ere, oso esku hartze gutxi egin ditu orain arte: «Ezustekoa bikoitza izanda: lehena, horretarako fiskala jartzeagatik, eta, bigarrena, epaitegiko saioetara agertu ez izanagatik». Hori akusazioaren ahultasunaren ondorioa dela adierazi zuen Gorrotxategik. Esandakoaren arabera, akusazioaren oinarrian herriko tabernek HB, EH eta Batasuna finantzatzen zutela egonda ere, orain arteko saioetan ez da hitz bakarra aipatu delitu ekonomikoaren inguruan: «Horrek erakusten du sumarioa zulatuta hasi zela eta orain husten ari zaiela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.