Daniel Ortegak berriz presidente izateko aukera izango du Nikaraguan

Konstituzioa aldatu du parlamentuak, eta estatuburuari dekretuz legeak onartzeko ahala eman dio

Xabin Makazaga.
2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Fronte Sandinistak Nikaraguako Parlamentuan daukan gehiengo osoari esker, konstituzioa aldatu eta 2016ko urrian berriro presidentetzarako hautagai izateko aukera eman dio Daniel Ortegari. Hirutan izan da Ortega Nikaraguako presidente —1985-1990 aldian eta 2007tik gaur egun arte—, eta 2011ko hauteskundeetan berriz hautagai izateko trikimailu juridiko bat baliatu zuen. Nikaraguako Konstituzioak bi agintaldi bakarrik baimendu arren, Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo baitzuen artikulu hori, oposizioko magistratuek parte hartu ez zuten erabaki batekin.

Orain, presidente izateko mugak kendu egin dituzte konstituziotik —aldeko 64 boto eta kontrako 25ekin—, eta laugarren aldiz aurkeztu ahal izango du Ortegak. Halaber, hauteskundeen lehen itzulian botoen %35 jasota presidentea izendatzeko aukera ere onartu dute Nikaraguan. Lehen, gehiengo osoa behar zen bigarren itzulia saihesteko.

Horrez gain, Nikaraguako presidenteari etorkizunean legeen indarra izango duten dekretuak onartzeko ahala eman dio parlamentuak. «Konstituzioak eginiko aldaketek demokrazian sakontzen dute, eta familiaren eta komunitatearen parte hartzea indartzen dute jardun politikoan», argudiatu du sandinisten talde parlamentarioko buru Edwin Castrok.

«Beste Somoza bat»

Anastasio Somoza diktadorea bota zuen iraultza sandinistako buruzagi izana, ordutik botere gehien izan duen presidentea izatea leporatzen dio oposizio liberalak Ortegari. FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak Nikaraguako gobernua, parlamentua, magistratura eta armada kontrolatzen baititu, udal gehienez gain, eta Ortega bera da armadako eta Polizia Nazionaleko burua.

Botere pilaketa hori gaitzesteko, «ez dugu Somoza bat, barka, Ortega bat behar betiko», esan zuen Bapli Alderdi Liberal Independenteko diputatu Alberto Lacayok, Nikaraguako Parlamentua utzi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.