Erreskatea Espainiarentzat

Bankuek 70.000 milioi euro behar dituztela esango dute auditoreek

Roland Bergerrek eta Oliver Wymanek astelehenean aurkeztuko dituzte azterketen emaitzak

2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Europak bankuentzako 100.000 milioi eurora arteko erreskatea agindu izanak oraingoz ez dio askorik lagundu Espainiari. Haren gaineko presioak ez dira baretu. Eta horren erakusgarri arrisku sariaren eta zorraren interesen bilakaerak. Biek goia jo zuten atzo: arrisku saria oinarrizko 550 puntura iritsi zen, eta hamar urterako bonuen errentagarritasuna %7ra, adituek eutsi ezinezko jotzen duten mailara. Zergatik? Denbora aurrera doan arren, erreskatearen inguruko xehetasunik argitzen ez dutelako.

Inork ez daki Espainiako Gobernuak zenbat diru eskatuko dion Europari, ezta hark ze baldintzetan utziko dion ere, ze interesekin eta zenbat urtean itzultzeko. Roland Berger eta Oliver Wyman auditoreen azterketaren emaitzen zain dago horretarako, bankuek zenbat diru beharko duten jakiteko. Berez ekainaren 21erako iragarri zituzten emaitzak, baina, dirudienez, datorren astelehenera aurreratuko dituzte. Gisa horretara, Espainiako Gobernua informazioa esku artean duela joango baita astelehenean eta asteartean G-20koek Mexikon egingo duten bilerara.

Baina astelehenera arte itxaroteko pazientziarik gabe, dagoeneko hasi da zifra dantza. Reuters berri agentziak atzo jakinarazi zuenez, bankuek 60.000 eta 70.000 milioi euro artean behar dituztela ebatziko dute auditoreek. NDF Nazioarteko Diru Funtsak iragan asteburuan aurreratukoarekin bat letozke auditore independenteak. Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak 40.000 milioi eurotan finkatu baitzituen bankuen beharrak, baina badaezpada diru gehiago eskatzeko aholkatu zion Madrili, 60.000 eta 80.000 milioi euro artean, hain zuzen.

Diru horretatik zatirik handiena, 19.000 milioi euro, estatuak esku hartutako Bankiarentzat litzateke, eta beste 20.000 milioi euro egoera berean dauden Catalunya Caixa eta Novacaixagaliciaren artean banatzeko. Beraz, kapitalaren %60 inguru nazionalizatutako hiru erakundeentzat litzateke —Banco de Valencia ere nazionalizatuta dago—, eta gainontzekoa premian diren gainontzeko erakundeentzat, alegia, zenbait aurrezki kutxarentzat.

Likidazioei atea zabalik

Horrek hausnarketa sakon bat merezi duela adierazi zuen atzo BBVAko Francisco Gonzalezek. «Espainiako finantza sisteman erakundeak eta erakundeak daude, eta batzuk eta besteak bereizi beharra dago. Gehienak erakunde indartsuak dira, baina badaude bestelakoak ere; bideragarri ez direnak desagertu egin beharko dute», esan zuen aurrezki kutxei erreferentzia eginez. Urtebete edo bi urte barru panorama oso bestelakoa izango dela aurreratu zuen, bi banku handi, bi edo hiru tamaina ertaineko eta lau edo bost txiki besterik ez direla egongo. Hala ere, zehaztu zuen likidazio adierazgarririk ez duela espero.

Europako Batzordeak, ostera, ez die aterik itxi nahi likidazioei, aterabiderik ez duten erakundeak sustengatzen jarraitzeak zentzurik ez duelako. Hala ondoriozta daiteke, behintzat, Joaquin Almunia Lehiarako komisarioaren adierazpenetatik. «Oker ez banago, Espainiako agintariek nazionalizatutako hiru erakundeetako bat likidatzeko asmoa dute», esan zuen. Catalunya Caixaz, Novacaixagaliciaz edo Banco de Valenciaz ari zen, Bankiak oraindik birkapitalizatzeko plana aurkezteko baitu.

Hitz horiek haserrea eragin zuten Madrilen, Almuniaren dimisioa eskatzeraino. Ekonomia Ministerioko iturriek jakinarazi zuten nazionalizatutako erakundeen enkanteak oraingoz geldiarazita daudela, baina auditoreen azterketen emaitzen zain daudelako bakarrik, eta gezurtatu egin zuten gobernuak erakunderen bat likidatzeko asmorik duenik. Atzo hori bera berretsi zuten FROBek eta hiru erakundeek, alegia, pribatizazio operazioak aurreikusitako martxan doazela. Kutxabank da Catalunya Caixa erosteko hautagai indartsuenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.