Junta militarrak bere boterea indartu du Thailandian, Senatua deseginda

Ehunka manifestarik kolpea salatu dute hiriburuan, eta armadak beste 35 kritiko atxilotzea agindu du

Militarrak estatu kolpearen kontrako herritarren protesta desegiten, atzo Bangkoken. PONGMANAT TASIRI / EFE.
Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Thailandiako kontrol erabatekoa ziurtatzeko beste pauso bat eman zuen atzo armadak, Senatua deseginda. «Parlamentuak edo Senatuak onartu behar dituzten lege guztiak liderrak onartuko ditu aurrerantzean», azaldu du junta militarrak telebista bidez. Prayuth Chan-ocha jenerala esan nahi du armadak liderra esaterakoan. Joan den eguenean militarrek estatu kolpea jo eta Yingluck Shinawatra lehen ministro ohia atxilotu eta gero, Chan-ocha lehen ministro bihurtu du bere buruari Bakerako eta Ordenarako Kontseilu Nazionala izena jarri dion junta militarrak.

Senatua indargabetzeaz gain, segurtasunari lotutako hiru goi kargudun ere baztertu ditu armadak, gobernu ohiarekiko leialak direlakoan. Thailandiako Errege Poliziako buru Adul Saengsingkaew da kargutik kendu duten funtzionarioetako bat. Tarit Pengdith Ikerketa Berezien Departamenduko burua da bestea, eta Nipat Thonglek Defentsa Ministerioko idazkaria hirugarrena. Shinawatra lehen ministro ohiaren aldekoak direla uste du junta militarrak.

Barikuaz geroztik atxilotuta dago lehen ministro ohia, eta armadak esan du ez duela astebete baino gehiago preso edukiko. Ez bera ez aurreko gobernuari lotutako gainontzeko ehundik gora atxilotuak. Werachon Sukhondhadhpatipak junta militarreko bozeramaileak atzo argudiatu zuen «pentsatzeko denbora emateko» atxilotu dituztela politikariak. Kolpearen ostean gobernuburu kargua hartzerakoan ere antzeko adierazpenak egin zituen Chan-ochak, «nazioaren hobe beharrez sakrifikatu» beharra duela argudiatuz.

Aurkari politikoen kontrako jazarpena, ordea, ez da oraindik amaitu. Atzo armadaren egoitzetan euren burua aurkezteko agindu zieten militarrek 35 pertsonari, eta aurkezten ez badira, bi urteko espetxe zigorra jaso dezakete. Zerrenda horretan unibertsitateko irakasleak eta erregearen defentsarako legearen kontrako ekintzaileak daude. Thammasateko Unibertsitateko Worachet Pakeerut eta Sawatri Suksri irakasleak dira horietako bi, adibidez. Nitirat plataformako kideak dira biak. Erregearen defentsarako legea ezabatzeko eskatzen du taldeak; izan ere, koroaren kontrako irainengatik hamalau urte arteko kartzela zigorra ezartzen du Thailandiako legediak.

85 urteko eta osasun makaleko erregea da Thailandiako estatuburua. Kolpista militarrek boterea hartu dutela azaltzeko bidalitako gutuna jaso duela baieztatu zuen atzo, hain zuzen, errege etxeak. Armadak adierazi du errege etxeak ez duela kolpearekin zerikusirik izan, baina Chan-ocha junta militarreko burua Erreginaren Guardiako buru izandakoa da. Gertutasun handia du errege etxearekin, eta hala erakusten du, gainera.

«Kolpea, kuartelera!»

Baina militarrak kritikoak harrapatzen ari diren bitartean, herritarren artean indartzen ari dira estatu kolpearen kontrako protestak. Kalean bost pertsonatik gorako taldeak elkartzea debekatu du armadak, baina atzo ehunka lagun bildu ziren Bangkoken. «Eraman kolpea kuarteletara! Bueltatu boterea herriari!», oihukatu zuten hiriburuko iparraldeko saltoki gune baten bildutako ehunka herritarrek. Manifestariek txistuka erantzun zieten militarrei, baina armadak manifestazioa desegin zuen atxiloketa mehatxuekin. Eguenean bertan hasi ziren kolpearen kontrako protestak hiriburuan, baina atzo ugaritu egin ziren.

Funtsean, 2006ko estatu kolpetik dator arazoa, atzerago jo badaiteke ere. 1921etik militarrek 21 estatu kolpe eman dituzte Thailandian —bururaino eramanak, hamahiru—, eta azkena 2006koa izan zen. Thaksin Shinawatra kendu zuten boteretik orduan, Yingluck Shinawatra egungo lehen ministroaren neba, oposizioko elastiko horiek haren aurkako mobilizazio kanpaina gogor bat egin ondoren. Labur esanda, kargutik kendu duten gobernuak elastiko gorrien babesa du, herrialdeko iparraldeko nekazarien babesa —2001etik Shinawatratarren esku dago gobernua, eta nekazarientzako diru laguntza sozialak eman ditu urteetan—. Oposizioko elastiko horiek, aldiz, hegoaldeko eta Bangkokeko goi eta erdiko klaseen eta armadaren babesa daukate.

Bada, 2008tik atzerrian dago Thaksin Shinawatra lehen ministro ohia. 2006ko estatu kolpearen ostean ustelkeriagatik bi urteko espetxe zigorra ezarri behar ziotelarik ihes egin zuen, eta arrebaren gobernua itzalpetik gidatzea leporatzen dio oposizioak. Polizia koronel ohia telekomunikazio enpresetan eginiko inbertsioei esker Thailandiako dirudun handiena bihurtu zen. Besteak beste, Manchester City futbol taldea ere erosi zuen 2007. urtean, 121 milioi euroren truke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.