Asko esan nahi du

Oriok bigarren bandera irabazi du aurtengo San Miguel ligan Pasaiako erlojupekoan, eta puntu batera du ligako lidergoa
Orioko trainerua ziaboga bat ematen, atzo, Pasaiako estropadan.
Orioko trainerua ziaboga bat ematen, atzo, Pasaiako estropadan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2013ko uztailak 21
Garaipen guztiek dute beren esanahia. Bakoitzak berea. Berdinak dira, baina ezberdinak ere bai aldi berean. Zentzu hori normalean kirolariak edo kirolariek aurki- tzen diote, beren eguneroko laneko konturen edota egoeraren batean oinarrituz. Normalean, ez dira zabaltzen kanpora gauza horiek. Aldagelakoak dira, intimoak. Atzo, Oriok Pasaian lortu zuen banderak asko balio du. Asko esan nahi du.

Bigarrena du aurtengo San Miguel ligan. Joan zen larunbatean, aurrenekoa, eta zortzi egunean lortu duen hirugarren bandera da, Gipuzkoako txapelketa irabazi baitzuen asteazkenean. Atzokoa erlojuaren aurka irabazi zuen, eta beste biak, ohiko moduan. Atzo, garaile zirela jakin berritan, Endika Alberdi aurrekalariak tosta bat behera egin zuen, Igor Makazaga entrenatzailea eta arraunlaria besarkatzera. Luzea izan zen bien arteko uztarraldia. Etxean irabaztearen esanahia azaltzen zuen besarkadak, biak baitira pasaitarrak, eta biak urte askoan San Juanen ibiliak. Esanahi sakonagoa ere izan zezakeen besarkadak. Atzo, Makazagak aldaketa batzuk egin zituen taldean. Alberdi bera, esaterako, hankatik traineruaren muturrera mugitu zuen, San Juanen jartzen zuen lekura, hain zuzen. Endika Uranga bera arraunean jarri zuen, besteetan kanpoan egon eta gero. Mikel Azkarate ohiko aurrekalariari atseden eman zion. Aldaketa horien guztien esanahia oso sakona da: taldearen balioa jartzen du agerian. Titularrak ez ezik, besteak ere gai dira banderak irabazteko. Prestakuntzako hilabete luzeetan egindako lanari sekulako balioa ematen dio horrek, eta egundoko indarra Makazagaren lan egiteko moduari.

Atzoko banderaren esanahi batzuk dira horiek, sakonak, intimoak. Gero, beste batzuk ere izaten dira, hotzagoak, zenbakiekin lotura estua dutenak. Ligako sailkapenarena, esaterako. Orio puntu batera jarri zaio Kaikuri atzokoarekin. Eta izan zitezkeen gehiago, Kaikuk bigarren egin bazuen ere, estropadaren une askotan lidergoa galduta egon zelako. Bukatu egin zuen atzo ondo Bizkaiko ontziak, baina beste une guztietan ez zen fin ibili denborei dagokienez. Aurreko asteburuan ere ez zen fin ibili, eta galdera berehala sortzen da: zerbait pasatzen ari al zaio Kaikuri?

Hondarribiak egin zuen hirugarren, bigarren txanda menderatu eta gero. Goranzko bidean dator, eta banderen lehian da berriz ere, joan zen igandean Donostiakoa irabaztea kontu serioa izan zela aditzera emanez. Urdaibaik laugarren egin zuen, eta urrundu egin zaio ligako burua. Atzoko denbora denak ikusita, ondokoa da deigarria: lehen zazpi ontzien artean hamabi segundo egon ziren. Ez da ezer. Gaur, Orion izango du bederatzigarren estropada ligak (12:20).

Gipuzkoako liga eta KAE 1

Beste bi estropada ere izan ziren atzo. Gipuzkoako ligako bigarren jardunaldian, emakumezkoetan, Zumaia liderrak irabazi zuen Pasaian, San Juan eta Hibaikaren aurretik. Gaur, Euskotren ligakoa dute Orion (12:00). KAE 1 ligan, Orion, Zierbenak indartu egin zuen lidergoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna