Titulua, logikaren zain

Bera Berak 35-17 irabazi dio Ro'Casari, eta azken sailkatuaren aurka berdintzea aski du txapeldun izateko

Bera Berako jokalari eta teknikariak atzo lorturiko garaipena ospatzen. Eider Rubiok txapela du jantzia, berak eta Reyes Karrerek bana jaso zuten. J. C. R. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Bera Berak ez du oraindik bere historiako lehen liga irabazi, baina atzo Bidebietara gerturatu zen edonork kontrakoa pentsatuko luke. Partida emozio sumendi izan zen, eta goraino beteriko harmailak lagun, etxekoak nagusitasunez gailendu zitzaizkionon Ro'Casari (35-17). Ospakizun handiak astebete gehiago itxaron beharko du, Elxek ez zuelako kale egin (30-19), eta hondamendirik ezean, Castron lortuko du liga Bera Berak. Aurkariak aspaldi galdu zuen maila, eta Donostiako taldeak aski du puntu batekin. Hala ere, atzo Bidebietan hunkitu ez zenak ez du bihotzik, euforiaren erdian Reyesek Carrerek eta Eider Rubiok omenaldi beroa jaso zutelako bukaeran. Eskubaloi kantxa batean kostata dantzatuko da merezimendu handiagoz jasotako aurreskurik. Entrenatzaileak eta erdiko beteranoak taldeak utziko dute, baina taldeak ez ditu eurak utziko, biek armarria bularrean brodatua daramate betirako.

Partida amaiera bitxia izan zen, omenaldi eta ospakizunak pixka bat atzeratu zirelako. Ez zen espero Elxek Alcobendasen aurkako bere partida galdu edo berdintzerik, baina 6-8 galtzen hasi ondoren, eta atsedenaldira 11-9 bakarrik irabazten iritsita dena gerta zitekeen. Garai batean irratiz entzuten ziren ahalakoak, atzo, baina, Twitter sare soziala zen salataria. Bigarren zatia luzatu ahala, baina, Elx tartea irekitzen joan zen, eta pabilioira gerturaturiko guztiek ulertu zuten astebete itxaron beharko zela festa are handiagorako.

Aurretik, halere, Bera Berak ondo egin zituen etxeko lanak. Reyes Carrere zuhurra da, oso, eta euforia eragozteko ahaleginak egin zituen aurreko egunetan, eta taldeak ondo erantzun zuen. Ziur hark oraindik ez duela txapelari buruz hitz egin nahi, Castro falta da. Dena den, atzo bezala jokatzen baldin badu, erraz eragotziko du inork espero ez zuen hondamendia. Irabaztea, halere, ez zen hain erraza izan, Ro'Casa festa zapuzteko moduko taldea baitzen eta oreka izan zen nagusi lehen ordu laurdenean (6-5, 14. min).

Hortik aurrera, baina, Bera Bera zirimola izan zen. Defentsa estutu eta aterako bidea itxi zion Ro'casari. Atzeko lanak konfiantza eta kontraerasoak eragin zituen, eta abiadurak, 9-0ko partziala. Ziarsolo, Pinedo, Elorza... geziak ziruditen. Meritu handiena, halere, atzean egon zen, Ro'Casak hamabost minutu igaro baitzuen golik sartu gabe. Darly Zoqbi atezainak harresia eraiki zuen, eta bere taldeak partida ia erabakita zuen atsedenaldirako (16-6).

Alde handiak Ro'Casa otzandu zuen. Harmailetako giroa, euforia, eta etxekoen motibazioa ikusita ezinezkoa zen emaitzari buelta ematea eta bigarren zatia bizkor garatu zen. Bera Berak ondo kudeatu zuen aldea (24-12, 45. min), eta, kantxan behintzat, amaiera lasaia izan zen, Elxen emaitzaren zain. Orain, denboraldiko titulua, eta handiena, logikaren zain dago, ondo bidean Bera Berak ez duelako kalerik egingo Castron. Lehen itzulian 31-16 irabazi zion.

Derbia Zuazorentzat

Zuazok 20-23 irabazi zion atzo Kukullagari, Etxebarrin, sasoiko azken euskal derbian. Porrotaren erruz, Kukullagak postu bat galdu zuen, Itxakok garaipen baliotsua lortu zuelako Valentzian (31-32) eta Lizarrako taldeak dagoeneko ziurtatuta du mailari eustea. Gauzak, hala, Kukullaga da mailari eustea ziurtatuta ez duen bakarra.

Bizkaitarren arteko derbia estua izan zen. Bi taldeen arteko harreman pixka bat gaiztotu zen liga hasi aurretik eta bientzat zen partida berezia. Hain berezia, Zuazok deus ere jokoan ez izan arren ez ziola Kukullagari lasai arnasa hartzen utzi. Etxebarriko taldeak orain Castelldefells zaindu behar du, bi puntu gutxiagorekin. Haren emaitza berdindu behar du azken jardunaldian eta bi taldeek irteera oso zailak dituzte. Lehia horretatik Itxako irten zen, Valentziari irabazi ondoren Lizarrako taldea helburua lortuta iritsi baita denboraldi zaileko azken jardunaldira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.