Hiriburutza bide onetik doala argi utzi du EBren txostenak, Izagirreren ustez

Bruselak egindako ohar guztiak kontuan hartu dituztela azaldu du, eta gehienak konpondu dituztela

Juan Karlos Izagirrek Donostia 2016ko lantaldea eta herritarrak zoriondu ditu, orain arteko lanagatik. GORKA RUBIO / ARP.
Donostia
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Pozik agertu da Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak Donostia 2016 proiektuaren azken bi urteetako bilakaeraren inguruan egin duen balorazio txostenarekin. Pozik, alkatearen arabera, prozesua «ondo, oso ondo» doala biltzen duelako txostenak. «Ondoriozta dezakegu bide onean ari garela lanean, eta hori garbi geratu da txostenean», adierazi du Izagirrek. Kontrakoa esaten dutenek txostena ez dutela irakurri dio, edo gaizki interpretatu dutela.

PSEk eta PPk, aldiz, bestela uste dute. Kudeaketa «lokalista» egitea kritikatu diote alkateari. Donostiako Udaleko PPko bozeramaile Ramon Gomezek «txapela kentzeko» eskatu dio Bilduri, eta Donostiako mugetatik haratago begiratzeko. Sozialisten eledun Ernesto Gascok, berriz, adierazi du Donostia 2016k ez duela «makro euskal jai bat» izan behar, eta «aniztasuna» berreskuratzeko eskatu dio alkateari.

Bruselak idatzi duen txostenaren arabera, hiriko herritarrei ez ezik, europarrei begirakoa ere behar du izan hiriburutzak, eta izaera hori ziurtatzeko eskatu du. Izagirreren arabera, baina, Donostia 2016ren webguneko hizkuntzei eginiko erreferentzia da hori, eta, azaldu duenez, jatorrizko euskarazko eta gaztelaniazko bertsioez gain, frantsesezkoa eta ingelesezkoa gaineratu dituzte jada.

Horrez gain, Europako Batasunak egiten dituen ohar guztiak kontuan hartu dituztela agertu du Donostiako alkateak, eta dagoeneko konpondu dituztela edo konpontzeko lanean ari direla. Webguneko hizkuntzen kontuaz gain, Izagirrek uste du Espainiako Gobernuak «hurrengo asteetan» beteko duela proiektua garatzeko 11 milioi euro jartzeko hartutako konpromisoa. Bruselak, hain justu, konpromisoa betetzeko eskatu dio Madrili, kultur programaren aplikazioan atzerapenak saihesteko. Izagirrek azaldu duenez, Bruselaren arabera ekarpen hori ezin da izan programan jartzen duenaren araberakoa, eta alkatea itxaropentsu agertu da, Espainiak aurki dirua jarriko duelakoan.

Izagirrek kontatu du irtenbidea bilatu diotela komunikaziorako eta soldatentzako proiektuaren aurrekontuaren zati handiegia eskaini izanari ere, eta zuzendaritza berriak Bruselan bertan hori aldatzeko plan bat aurkeztu zuela. Horrez gain, Bruselak gomendioa egin du kultura gutxituen aldeko apustu horretan aurretik lan horretan aritu diren proiektuekin harremanetan jartzeko, eta Donostia 2016 jada badabil Derryrekin harremanetan, Europako aurtengo kultur hiriburuarekin, hain justu.

«Nabarmentzekoak»

Oharrak ohar, Bruselak proiektuaren zenbait ikuspegi positibo nabarmendu dituela azaldu du Izagirrek. Batetik, hizkuntza eta kultura gutxituen alde eginiko apustua goraipatu du EBko Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak, oso garrantzitsua dela eta Europako kultur aniztasuna sustatzen duela esanez.

Bestetik, zuzendaritza berria osatu izana txalotu du. «Esperientzia, grina eta ezagutza» dituen lantalde bat osatu dutela adierazi dute txostenean. Horrez gain, fundazioaren organigraman erakunde gehiago txertatu izana ere onerako dela esan du Bruselak, baina jarraipena egiteko batzorde bat osatzeko gomendioa egin du. Izagirrek argitu duenez, hasi dira batzordea eratzeko lanetan. Indarkeria gainditzeko kulturari balioa eman izana da Bruselak proiektutik nabarmendu eta txalotu duen beste ikuspegi bat.

Funtsean, proiektuak hasierako bera dela azaldu du Izagirrek: «Hautagaitza irabazi zuen proiektua ari gara lantzen eta garatzen, eta Bruselan erabateko konfiantza daukate horren inguruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.