Bertsoaren eraginak

Bertsolaritzak eragiten dituen alorrak landuko dituzte 'Bertsoa Unibertsitatean' udako ikastaroan

Mintzola Fundazioak eta EHUk elkarlanean antolatu dituzte Bertsoa unibertsitatean ikastaroak. A. CANELLADA / ARP.
Araitz Muguruza.
Villabona
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bertsolaritza hiru ikuspuntutatik aztertuko dute EHUren aurtengo Udako Ikastaroetan: hezkuntza arautuan bertsolaritzak ematen duenaz eta eman dezakeenaz, gizartean duen garrantziaz, eta bertsoak beste sorbide batzuekin izan eta izaten dituen harremanez arituko dira ikastaroan. Bost egun iraungo dute Bertsoa Unibertsitatean ikastaroek —izen bakarraren baitan hiru sartzen baitira—, eta uztailaren 7an hasi eta 11n amaituko dira. Donostiako Miramar jauregian egingo dira. Fundazioak EHUrekin adostu duen hitzarmenari esker, hurrengo lau urteetan udako ikastaro berrituak egingo dituzte.

Hezkuntzari emango diote begiratua lehenengo ikastaroan, eta gaur egungo gizartean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren komunikazio joerak izango dituzte ardatz: ahozkotasuna eta komunikatzeko gaitasuna. «Gauzak zehatz eta zuzen adieraztera iristea helburu berezienetako bat da egun, eta ikertu nahiko genuke bertsolaritzak horri zer eman diezaiokeen», azaldu du Iñaki Murua Mintzola Fundazioko lehendakariak. Bertsoak generoaren jabetza eta kontzientzia hartzeko duen garrantziaz ere arituko direla adierazi du Muruak. Ainhoa Agirreazaldegik —Bertsoa... emakume izateko kontzientzia pizteko—, eta Jone Miren Hernandezek —Bertsoa... genero berdintasunaz jabetzeko— emango dituzte horri lotutako hitzaldiak. Ahozko beste tradizioei ere egingo diote tokia ikastaroetan. Hala, antzerkiak eta ipuin kontalaritzak hezkuntza arautuan duten garrantziaz ariko dira Pello Añorga ipuin kontalaria eta Ainara Gurrutxaga antzezlea.

«Bertsoaren bidez beste sormen lanetara jauzi egin dutenak badaude, baita bertsotan aritu eta beste lanbide artistiko batzuetan aritzen direnak ere». Bertso eskoletan lantzen diren teknikek jauzi horretan zenbaterainoko garrantzia duten aztertuko dute Bertsolaritza eta beste sorbideak ikastaroan. Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Andoni Egaña bertsolariek emango dituzte hitzaldiak. Bertso saio esperimentala ere egingo dute ikastaroaren egunean bertan.

Hurrengo urtean, bertsozaletasunaren inguruko ikerketa soziologikoa egin asmo du Mintzolak. Karlos Aizpurua Fundazioko ikerkuntza arduradunak adierazi duenez, bertsolaritzan eta gaurko gizartean azterketa horrek erakutsi beharko lukeena landuko dute. Horrekin batera, bertsolaritzak herrigintzan eta hizkuntzaren normalizazioan izan duen eragina aztertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.